Hiriko hurrengo lasterketa 47. Donostiako Zurich Maratoia izango da
Donostiako maratoia.Donostia Kirola Lasterketen Donostian ez dago atsedenik. Igandean, hilaren 22an, 47. Donostiako Zurich Maratoia egingo dute. 11.000 korrikalarik eman dute izena —7.000 maratoiaren distantzian, eta 4.000 hamar kilometrokoan—. Emakumeen partaidetzak beste mugarri bat ezarri du, bigarren urtez jarraian 3.000 emakume baino gehiagok eman dutelako izena. Gainera, probak gaztetzen jarraitzen du: parte hartzaile gehien dituen adin taldea 25 eta 34 urte bitartekoa da.
Aurten, beste behin, eliteko atleta kontrataturik ez dagoenez, lehiaketa irekia da, eta edozein korrikalarik du maratoi handi bat irabazteko aukera. Ezaugarri horrek mundu osoko lasterkariak erakarri ohi ditu. Pasa den urtean, Maita Arraiza donostiarra eta Thomas Holliday britainiarra izan ziren azkarrenak.
Filosofia hori ibilbide oso azkarrarekin uztartzen da. Iaz, helmugako batez besteko denbora hiru ordu, 40 minutu eta 40 segundokoa izan zen, eta horrek Donostia estatuko maratoi azkarrenetakoen artean kokatu zuen: parte hartzaileen %74k lau ordutik beherako denboran amaitu zuen proba, eta %12k hiru ordutik beherakoan. Aurten, ehun korrikalari inguruk bi ordu eta erditik beherako denbora egitea dute helburu, eta parte hartzaileen %85 lau ordutik behera helmugaratzen saiatuko da.
Ibilbidea eta ordutegiak
2022an estreinatu eta 2025ean hobetu zen ibilbideak zortzi kilometroko lehen itzulia eta luzera bereko bi itzuli luze mantentzen ditu. Espainiako Atletismo Federazioak homologatutako ibilbideak Amara, Amara Berri, Antigua, Erdialdea eta Gros auzoak zeharkatuko ditu, Donostiako toki ezagunetatik igarota; Kontxako pasealekua, Artzain Onaren katedrala, Kursaala eta Zurriolako zubia, besteak beste.
Bi probetako lasterkariak Hernani kaletik abiatuko dira, eta Bulebarrean izango dute helmuga. Hamar kilometroko lasterketaren irteera 08:15ean izango da, eta maratoiarena 09:00etan.

