Mikel Zabalza gogoratzeko bi ekitaldi antolatu dituzte Altzan
Mikel Zabalzari omenaldia, haren erailketaren 39. urteurrenean.Joseba Parron Hilaren 26an, 41 urte beteko dira Guardia Zibilak Mikel Zabalza orbaizetarra eta Altzako bizilaguna atxilotu, torturatu eta hil zuenetik; 1986an hil zuten guardia zibilek, hain zuzen ere. Euskal Herriko tortura kasu entzutetsuenetako bat da, eta Altzako Mikel Zabalza Gogoan Herri Ekimenak haren omenenezko ekitaldiak antolatzen ditu urtero. Aurten ere hala egin du herri ekimenak, eta film proiekzio bat eta oroimen ekitaldi bat antolatu ditu hurrengo asterako.
Hain zuzen ere, datorren ostegunean, hilaren 26an, Gaza: Doctors Under Attack dokumentala (Karim Shah, 2025) proiektatuko dute Tomasene Kultur Etxean, 18:30ean. Israelgo Estatu sionista Palestinako herriaren aurka gauzatzen ari den genozidioa du ardatz filmak, fokua ospitaleen aurkako erasoetan jarrita. Proiekzioaren ondoren, solasaldia egingo dute.
Bestalde, hilaren 28an (larunbata), Mikel Zabalzaren omenezko ohiko ekitaldia egingo dute, Altzaigainako San Martzial plazan, bertan dagoen Mikelen Txokoan. Herri ekimenak 2020an sortu zuen Mikelen Txokoa, torturatu guztientzako oroimen gune gisa, Zabalzaren hilketaren 35. urteurrenean. Bertan egiten dute urtero Zabalza oroitzeko ekitaldia.
2024tik, aitortua
Urte luzez, Zabalzaren heriotza naturala izan zela zioen bertsio ofizialak, torturaren ondorioz hil zenaren zantzuak argiak baziren ere. Hamarkada askotako borrokaren ostean, azkenik, 2024an iritsi ziren orbaizetarra biktima gisa aitortzeko adierazpen ofizialak, eta Donostiako Udalak haren omenezko plaka ofiziala jarri zuen urte horretan Intxaurrondoko Guardia Zibilaren kuartelaren kanpoaldean, bertan torturatu baitzuten Zabalza.

