TAOko langileen kontrako beste eraso bat salatu dute, eta neurriak eskatu
OTAko langileen kontrako erasoak salatu dituzte.Artxiboko argazkia Donostiako TAOko enpresa batzordeak neurriak eskatu ditu langileek “behin eta berriz” jasaten dituzten mehatxu eta erasoen aurrean. Hain zuzen, salatu dutenez, duela egun gutxi TAOko langile batek bere lan jardunean jasandako erasoa gogor gaitzetsi dute.
Ohar baten bidez, enpresa batzordeak adierazi du horrelako jokabideak “guztiz onartezinak” direla, eta ez datozela bat “lan ingurunean eta gizartean nagusitu behar diren errespetu, bizikidetza eta duintasun balioekin”. Horrez gain, erasoa jasan duen langileari elkartasuna eta babesa adierazi dizkio, eta halako gertakariak berriro ez gertatzeko beharrezko neurriak hartzeko eskatu die arduradunei.
Ildo horretan, ordezkaritza sindikalaren ustez, gertakari horiek ezin dira normaltzat jo, ezta elkarren artean zerikusirik ez duten gertaera bakan gisa tratatu ere. Izan ere, langileen lan baldintzei eragiten dien arazoa dira, eta udalaren zein enpresaren aldetik “premiazko erantzuna” behar dutela diote, “prebentzioaren, antolaketaren eta eraginkortasunaren ikuspegitik”.
Azkenik, “erabiltzaile gatazkatsuen eta gorabehera larrien aurrean jarduteko protokoloak berrikusteko eta indartzeko” eskatu du enpresa batzordeak. Helburua da langileek “argi izatea nola jokatu behar duten” eta, egoerak hala eskatzen duenean, “Poliziarekin edo bestelako baliabideekin nola koordinatu behar duten”.

