Euskararen Eguna

Ehun ekitalditik gora antolatu dituzte Donostiako auzoetan, Euskararen Egunaren bueltan

Euskararen_Eguneko_mintzod 2025eko Euskararen Eguneko mintzodromo bat, San Telmo museoan.Nagore Garmendia

Abenduaren 3ko Euskararen Nazioarteko Egunaren bueltan, ohiko legez, hamarnaka jarduera antolatu dituzte Donostiako auzo eta herri gehien-gehienetan, azaroaren 22tik abenduaren 13ra. “Urtean zehar euskara sustatzeko lanean diharduten hamabi auzotako euskara batzordeez gain, beste lau auzotan ere Euskararen Eguna antolatzeko taldeak sortu dira. Guztira, 47 eragile aritu dira auzoetan egitarauak antolatzen”, azaldu du Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak.

Hain zuzen ere, auzo eta herri hauetan antolatu dituzte jarduerak: Aieten, Altzan, Amaran, Amara Berrin, Antiguan, Añorgan, Bidebietan, Egian, Grosen, Ibaetan, Intxaurrondon, Loiolan, Loiolako Erriberan, Martutenen, Morlansen, eta Parte Zaharrean. Auzoz auzoko egitarauak hemen kontsultatu ditzakezue. Guztira, ehun bat bat ekitaldi antolatu dituzte.

Horrela, Kerman Orbegozo Euskara zinegotziak goraipatu egin du auzoetako batzorde eta taldeek egin duten lana: “Euskara batzordeek jarduera horiek guztiak antolatzeko egindako lana azpimarratu, eskertu eta nabarmendu egin behar da. Guztira, 47 eragile aritu dira lanean auzoetako egitarauak antolatzen eta hori nabarmentzekoa da. Musu truk lan egiten duten pertsona askoren konpromisoaren eta udalaren eta batzorde eta erakunde desberdinen arteko lankidetzaren emaitza da”.

Halaber, Orbegozok jardueretako batzuk nabarmendu ditu: “Intxaurrondon Porrotx, Marimotots, Pupu, Lore eta Marigorringo pailazoak izango dira; Eskola dantza taldearen emanaldia Amaran; Auzo Bira Antiguan; Parte Zaharrean kantu jira eta bertso saioa; Nik ere egin nahi dut elkarretaratzea Añorgan, mintzodromoak Altzan, Amara Berrin eta San Telmon museoan; bertso saioa eta bertso afaria Grosen; Ibaeta-Euskara-Elkarrekin Jaia Ibaetan eta Aieteko Izarrak talentu lehiaketa”.

‘Photocall’ ibiltaria

Auzo bakoitzeko jarduerez gain, Euskara Zerbitzuak Euskaraz Barra Barra photocall ibiltaria antolatu du, auzoz auzo: “Photocall horren aurrean argazkia atera nahi duten pertsonek euskara erabiltzeko duten konpromisoa publiko egingo dute eta horren truke, opari bat jasoko dute”.

Photocall hori Amara Berrin egongo da azaroaren 22an (12:30-14:30), Intxaurrondon azaroaren 27an (17:30-19:00), Añorgan azaroaren 27an (20:00-21:30), Antiguan azaroaren 28an (11:30-13:30), Herreran azaroaren 28an (14:30-16:00), Bidebietan azaroaren 28an (18:00-19:30), Morlansen azaroaren 29an (12:30-14:00), Egian abenduaren 4an (18:00-19:30) eta Loiolan abenduaren 5ean (12:30-14:30).

HITZAkide HITZAkide