Gazte diseinatzaileek erabilera berria emango diete erabilitako kirol oinetakoei

batuz_fundazioa Batuz fundazioaren denda, marka aldaketa egin zutenean.Batuz

Kirol oinetako zaharrak berrerabiltzeko egitasmo bat antolatu du Batuz Gizarte Fundazioak: Beste istorio bat duten zapatilak. Hilaren 25ean izango da, Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen harira. Jardunaldiaren helburua bigarren eskuko zapatilak berrerabiltzea eta kontsumo arduratsua sustatzea da, sormena eta diseinua ardatz hartuta.

Bi ikastaro izango ditu jardunaldiak. Goizean, Donostiako AEGko Moda eta Patroigintza Eskolako ikasleek eta Mondragon Unibertsitateko LEINN graduko hiru ikaslek osatutako Second Step taldeak elkarrekin lan egingo dute. Bigarren taldeko kideak erabilitako zapatilak garbitu eta konpontzeaz arduratuko dira, berriro erabiltzeko prest gera daitezen; AEGko ikasleek, berriz, diseinu berriak sortuko dituzte, oinetako bakoitzaren formak, materialak eta ezaugarriak inspirazio iturri hartuta.

Jardunaldia 10:30ean hasiko da, Batuz Gizarte Fundazioko zuzendari Aitziber Zubillagaren ongietorriarekin. Ondoren, Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasuneko foru diputatuak hartuko du hitza. Sormen lana 10:45etik 13:15era egingo dute, Iban Bujan fundazioko sormen arduradunaren laguntzarekin.

Arratsaldean, herritarrei irekiko zaie ekimena. 17:30etik 19:30era egingo den doako ikastaroan, Donostialdeko haurrek eta familiek parte hartu ahal izango dute. Etxean dituzten kirol zapatilak eraman ditzakete berritzeko, baina bigarren eskuko oinetakoak, margoak eta beharrezko materialak ere jarriko dituzte parte hartzaileen eskura. Bakoitzak bere gustuko diseinua sortzeko aukera izango du, Iban Bujanen gidaritzapean.

Sormena erakusleihoetara

Ikastaroetan sortutako zapatilak ez dira egun bakarreko esperientzian geratuko. Izan ere, bi astez ikusgai egongo dira Batuzek Donostian dituen bi saltokietako erakusleihoetan: Centenario kaleko 3. zenbakian eta Easo kaleko 81. zenbakian.

Diseinuekin batera, kontakizun labur bana ere erakutsiko dute, zapatila bakoitzaren eraldaketa prozesua eta sorkuntzaren atzean dagoen ideia azaltzeko. Horrela, parte hartzaileen lana kalera aterako da, eta herritarrek zuzenean ezagutu ahal izango dituzte berrerabileraren aukerak.

Egitasmoaren bidez, Batuz Gizarte Fundazioak bigarren eskuko produktuei balioa eman nahi die, eta kontsumo ohitura jasangarriagoak sustatu. Fundazioaren proposamena argia da: erabiltzen ez diren zapatilek ez dute zertan hondakin bihurtu; irudimena eta sormena erabilita, beste istorio bat izan dezakete.

HITZAkide HITZAkide