Gobernantza Arloko Bikaintasunaren Europako Zigilua jaso du udalak, bigarrenez
Udalak Gobernantzaren Europako Bikaintasun Zigilua lortu du berriro.Donostiako Udala Donostiako Udalak bigarren aldiz jaso du Europako Kontseiluaren ELoGE zigilua, Gobernantza Arloko Bikaintasunaren Europako Zigilua; 2024ko edizioan ere lortu zuen saria. Aitortza EUDELen eskutik eta Europako Kontseiluaren berrespenarekin egindako ebaluazio prozesu sakon baten ondoren heldu da, eta Kontseiluak berak baliozkotu du. Prozesu horretan, erakundeen Gobernu Ona definitzen duten hamabi printzipio aztertu dira: Parte-hartze demokratikoa; giza eskubideak; Zuzenbide Estatua; etika publikoa; kontu ematea; irekitasuna eta gardentasuna; kalitatezko administrazioa, eraginkorra eta efizientea; lidergoa, gaitasunak eta trebetasunak; erreakzio gaitasuna; kudeaketa ekonomiko-finantzario sendoa; jasangarritasuna eta epe luzerako orientazioa; eta aldaketarako eta berrikuntzarako irekitasuna.
Gobernantza Irekiko zinegotzi Ana Lopezek nabarmendu duenez, “Donostiak aintzatespen hori lortzen duen bigarren aldia da, eta oraingoan aurrekoa baino puntuazio handiagoarekin. 2024an, hiriak 4tik 3,15eko batez besteko nota lortu zuen autoebaluazioan, eta bi urte geroago, udalak berriro parte hartu nahi izan du ebaluazioan, azken puntuazioa 3,53ra igota. Horrek berretsi egiten du Donostiako gobernantza ereduaren sendotasuna, eta gero eta gardenagoa, hurbilagoa, parte hartzaileagoa eta zerbitzu publikoen etengabeko hobekuntzara bideratuagoa den administrazioarekin dugun konpromisoa indartzen du”.
ELoGE zigilua —European Label of Governance Excellence— Europako Kontseiluak bultzatutako aitorpena da, eta gobernantza demokratiko ona erakusten duten udalei eta beste toki erakunde batzuei ematen zaie. Hori lortzeak, udalaren esanetan, adierazten du tokiko gobernu eta kudeaketa demokratikoan “udalerriak kalitate maila handia egiaztatu duela”.
Udalak prozesu horretan parte hartu izanak Europako erakundeen aintzatespena, gobernu onaren jardunbideen kanpo-balioespena, indarguneak eta hobekuntza-arloak identifikatzea (ebaluazio egituratu baten bidez), irizpide homogeneoen arabera Europako beste udalerri batzuekin alderatzeko aukera eta zerbitzu publikoak eta herritarren parte hartzea etengabe hobetzeko barne bultzada ematen dizkio.
Aipagarria da, hiru ataletan —irekitasuna eta gardentasuna; erreakzio gaitasuna, eta jasangarritasuna eta epe luzerako orientazioa— gehienezko puntuazioa (lautik lau) eskuratu duela; eta zazpigarren aldi honetan parte hartu duten eragileen artean lehen postuan dagoela.
Zigilua ematea egiaztatzen duen txostenak, halaber, Hobekuntza Plan bat jasotzen du. Bertan, autoebaluazioaren emaitzetatik abiatuta identifikatutako jarduera ildo nagusiak biltzen dira, ibilbidea garatzen jarraitzeko hasierako bide-orri gisa.

