Ikuskizunen eta ekitaldien teknikariek bertan behera utzi dituzte aste honetako lanuzteak
Teknikariok sindikatuak greba egunak aurkeztu ditu gaur, Bilbon.Teknikariok Ikuskizunen eta ekitaldien teknikariek bertan behera utzi dute ostegunerako eta ostiralerako, hilak 26 eta 27, egitekoak ziren grebak. Ostiralean egin zuten patronalarekin bilera, aurrekotik “urte eta erdi baino gehiago” pasatu ondoren. 2025eko apirilean negoziazio mahaiko sindikatu guziek negoziazioa uztea erabaki zuten, enpresariei “proposamen zehatzak” eskatzeko eta jakinarazteko hitzarmena ez zela “ohiko jokabideak legitimatzeko tresna bihurtuko”.
Orain arteko negoziazioak “oso konplexuak” izan direla diote langileen ordezkariek. “Inflexio puntua” izan zen aurreabisuen eta egutegien gaia lantzean patronalak bost egun baino gehiagoko epearekin langileak antolatzeko ezintasunari eutsi izana.
Deitoratu dute Lan Ikuskaritzan hainbat salaketa aurkeztu eta sei greba egun gauzatu behar izan dituztela patronala negoziatzera esertzeko. Ostiraleko bileran proposamen zehatzak eta egikaritzeko epeak jaso zituzten gehien eragiten dieten gaietan aurrerapausoak lortuta. Nagusiki, egutegiak “aldez aurretik eta ziurtasunez” jasotzeko konpromisoa: lan eta atseden egunak sei aste lehenago jakinaraztea, ordutegiak bi aste lehenago, eta asteburu libreak sei hilabete lehenago jakitea, sei hilean behin.
Bestalde, urte hasierarekin batera aplikatzen hasiko diren proposamenak ere badituzte: txandak eta ordutegiak gutxienez bost eguneko aurreabisuz ezagutzea eta asteburuetako atseden egunak hiru hilabete lehenago.
Edonola, argi utzi dute mobilizazioak bertan behera uztean ez duela greba amaitzea esan nahi. “Konpromisoak betetzen ez badira, patronalak berriro negoziazioa luzatzen edo adostutakoa ez betetzen saiatzen bada, berriro aterako gara kalera, indar handiagoz eta inoiz baino arrazoi gehiagorekin”.

