"Kontsumo eredu basatiaren" aurrean, "benetan inporta duena" oparituko du ostiralean Saretuzek

opariak opari

Black Friday eguna dela-eta kontsumismoa sustatzen den honetan, Saretuzek —Donostiako Kontsumo Arduratsu eta Eraldatzailearen Sareak— bizitza burujabeen eta bizitza onaren aldeko aldarria aterako du kalera ostiralean, hilak 27. Opariak opari jardueraren barruan, taldeko boluntarioek dirurik gabe eskuratzen diren opari sinbolikoak banatuko dituzte Loiola kalean, 17:30ean hasita. 

Keinu horren bidez, “kontsumo eredu basatiari” ifrentzua jarriko diote. “Deskontu miragarrien mozorropean» behar ez diren erosketak, planeta agortzen duen ekoizpen eredua, lan baldintza prekarioak eta auzoetako denda txikien itotzea ezkutatzen direla salatu du sareak”. Hala, neurrigabeko kontsumismoak gizartean eta ingurumenean duen eraginari buruzko gogoeta egitea sustatu nahi dute. 

Oparitzea “dirua gastatzea edo objektu materialak erostea” gisa ulertu beharrean, “benetan balio duena” partekatzera gonbidatuko dituzte donostiarrak, hala nola denbora, zaintza, jakintza eta komunitatea.  

Jarduerak Egia parkeko Ingurumen Baliabideen Etxean egindako Burujabe Cha Cha Cha topaketaren lekukoa hartuko du, merkatuaren logikatik kanpo bizitza bizigarri eta burujabea eraikitzeko.

HITZAkide HITZAkide