Laser ikuskizun batekin eta 1.000 dronerekin hasiko dira Donostiako Gabonak
Gabonetako kanpaina aurkeztu zuten pasa den ostiralean.Donostiako Udala Donostiako Udalak abenduaren 4an, ostiralarekin, piztuko ditu Gabonak. Kontxako badian egingo dute inaugurazioa, 19:30ean, eta urtarrilaren 6ra arte luzatuko da kanpaina. Aurtengo edizioak ospakizuna orekatzea eta auzo guztietara hurbiltzea du helburu.
Inaugurazio ekitaldia Allumee enpresa frantsesaren eskutik iritsiko da: laser argi sortek badia zeharkatuko dute ur gainean islatuz, eta ondoren, 1.000 dronek osatutako ikuskizun batek hiriaren identitatea eta azken urtea marraztuko ditu.
Atzera kontuaren ostean, udaletxeko terrazatik piztuko dituzte hiriko argiak, eta aldi bereko ikuskizunak zabalduko dituzte Alderdi Ederren, Kursaaleko Bolan, Ramon Labayen plazan eta Urumea pasealekuan. Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotzi Ane Oyarbidek nabarmendu duenez, kanpaina hau “herritar eta bisitarientzako topagunea” izatea nahi dute, betiere “hurbiltasunaren, elkartasunaren eta jasangarritasunaren balioak” aintzat hartuta.
Argi gehiago eta atrakzio berriak
Aurten, ehun kale ingurutan 500 argi elementu baino gehiago banatuko ditzute, tartean 168 arku, 181 kale argi eta 223 zuhaitz. Berritasunen artean, Urbieta kalean arku berria jarriko dute, eta lehen aldiz Santa Katalina zubia argiztatuko dute, Frantzia pasealekuko azokak eta Ramon Labayen plaza lotzeko. Ohiko gune ikonikoek ere ez dute hutsik egingo, hala nola Alderdi Ederreko 18 metroko pinuak eta Zurriolako 12 metroko Gabonetako Bolak.
Gabonetako Azokak 67 etxola izango ditu guztira —30 Ramon Labayen plazan (horietako hamar, gastronomikoak) eta 37 Frantzia pasealekuan—, LED argiztapenarekin eta energia berriztagarriarekin hornituta. Aisialdi eskaintzari dagokionez, Kontxako 32 metroko noriaz gain, bi berritasun nagusi izango dira: Frantzia pasealekuan lera bidezko jaitsiera tradizionala berreskuratuko dute, eta Cervantes plazan haurrentzako bola zuhaitz bat eta bi etxola jarriko dituzte. Gainera, elkartasunak ere bere lekua izango du, besteak beste, Bizikletaz Adinik Ez elkartearekin adinekoentzat antolatutako triziklo ibildariari esker.
Musika eta kirola
Jarduerak deszentralizatzeko apustuan, Gabonak Auzoetan ekimena estreinatuko dute abenduaren 20tik 27ra, familia osoarentzako goizeko proposamenekin Altza, Egia, Antigua eta Loiola auzoetan.
Musika arloan, Musika Gabonetan jaialdiak hiriko musikari gazteei emango die aukera abenduaren 26tik 30era Ramon Labayenen eta Alderdi Ederreko agertoki berrian. Horrez gain, Donostiako Orfeoiak doako bi kontzertu eskainiko ditu: abenduaren 26an Altzako elizan eta 27an Amarako Familia Santuaren elizan (biak ala biak, 19:30ean).
Kirolak ere izango du tartea abenduaren 23an, Kontxako hondartzan egingo duten Gabonak Hondartzan haurrentzako jardunaldiarekin. Aurtengo egitarau osoa dagoeneko kontsultagai dago, hemen.
Garraio publikoa lehenesteko deia
Udalak trafiko murrizketak iragarri ditu erdialdean, eta, horregatik, garraio publikoa erabiltzea gomendatu du: Euskotrenen Erdialdea-Kontxa geltokia 2-5 minutura dago oinez, Renferen Iparraldeko geltokia 10-15 minutura, eta Dbusek zein Lurraldebusek zerbitzu bereziak jarriko dituzte. Bestalde, mugikortasun urriko pertsonentzat gune berezi bat gordeko dute Alderdi Ederreko terrazan, Ijentea kaletik sartuta (18:30etik 19:00etara).

