Yazami Mohamed Fouad eta Amelie Saussez nagusitu dira 47. Donostiako Zurich Maratoian

Atzo egin zuten 47. Donostiako Zurich Maratoia.Donosti Eventos

Donostiako Zurich Maratoiaren 47. edizioa egin zuten atzo, igandearekin. Hala, gizonezkoetan Yazami Mohamed Fouadek (2:19:39) eta emakumezkoetan Amelie Saussezek (2:35:29) lortu zuten garaipena.

Guztira 75 herrialdetako korrikalariek hartu zuten parte. Maratoian 6.829 lagun atera ziren eta 5.141ek amaitu zuten proba; 10K lasterketan, aldiz, 4.048 parte hartzailetik 3.200 iritsi ziren helmugara. Azken hori zeharkatu duten 8.341 korrikalari horietako bakoitzeko euro bat eman du Zurich Foundation-ek, eta, ondorioz, 8.341 euro bildu zituzten AEFAT elkartearentzat.

Maratoiko podiumak

Gizonezkoen proban, Denis Kipkoechek agindu zuen ibilbidearen hiru laurden baino gehiagotan. Maratoi erdia 1:07:08ko denboran igaro, eta 30. kilometroan minutu eta erdi baino gehiagoko aldea izan zuen bere jarraitzailearekiko. Puntu horretatik aurrera, ordea, Fouadek aldea murrizten jakin zuen. 35. kilometroa burutik 26 segundora igaro ostean, 40. kilometroa baino lehen harrapatu zuen Kipkoech, eta bakarrik iritsi zen Bulebarrera. Youness Assehli izan zen bigarren eta Unai Arroyo, hirugarren.

Emakumezkoen lasterketak antzeko bilakaera izan zuen. Vivian Jelagat Rop keniarra joan zen buruan hasieratik, 30. kilometroa 1:49:16an igarota. Ordura arte bigarren postuan gertu mantendu zen Amelie Saussezek 30. kilometroaren ostean jo zuen erasoa. 35. kilometroan hiru minutu baino gehiagoko aldea zuen jada, eta 2:35:29ko denborarekin irabazi zuen. Tracy Barlow britainiarra sailkatu zen bigarren eta Maitane Melerok osatu zuen podiuma.

Gipuzkoako Txapelketa eta 10K proba

Maratoiarekin batera, Gipuzkoako Txapelketa ere erabaki zuten atzo. Unai Arroyok irabazi zuen gizonezkoen titulua, eta Nerea Egiak, emakumezkoena. Egiak emakumezko donostiar onenaren saria ere eskuratu zuen, eta gizonezkoetan Borja Barragué izan zen lehen donostiarra.

Hamar kilometroko proban, aldiz, gizonezkoetan Ekain Larrea nagusitu zen 30:00ko denborarekin, Enaitz Aginagalde eta Beñat Bengoetxea atzetik zituela. Emakumezkoetan, berriz, Sara Alonso donostiarrak irabazi zuen, Frida Michold eta Mia Steytlerren aurretik.

HITZAkide HITZAkide