Badalabek hizkuntza eta fikzioa uztartzen dituzten bi egitasmo dakartza Donostiara

Badalab egitasmoko topaketa bat. Irutxuloko Hitza

Donostia izango da Badalab Hizkuntza Berrikuntzako Laborategiaren bi ekimen nagusiren agertokia aste honetan. Atzo, hilaren 23an, Euskararen Hiperstizio Fabrika aurkeztu zuten San Telmo museoan, eta ostiral honetan, hilaren 27an, Antoni Oliveren Panglosa, norentzat? eleberriaren euskarazko edizioa aurkeztuko dute, Udal Liburutegi Nagusiko Kriptan. 

Ostiraleko ekitaldian, liburuaren itzultzailea den Iñaki Alegriak eta Alba Garmendia editoreak azalduko dituzte eleberriaren nondik norako nagusiak; etorkizuneko Katalunian girotuta dago eleberria, katalanaren, gaztelaniaren, ingelesaren eta arabieraren arteko oreka linguistiko ahulean. Bertan, Kataluniako Unibertsitate Politeknikoko ikertzaile batek panglos izeneko aparatua asmatzen du: ahozko itzultzaile automatiko gisa funtzionatzen duen gailua, edonork edonor ulertzeko aukera ematen duena nork bere hizkuntza soilik ezagututa.

‘Hiperstizio Fabrika’

Ostiraleko hitzorduaren aurretik, Euskararen Hiperstizio Fabrika aurkeztu zuen Badalabek atzo San Telmo museoan. Bertan parte hartu zuten Goiatz Oiartzabal Lakarra Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategiko zuzendariak, Arkaitz Olea Herrero San Telmo museoko bitartekaritza arduradunak eta Oier Etxeberria Bereziartua artista eta komisarioak.

Euskararen inguruko kontakizunak berritzen laguntzeko, hizkuntzaren ahalmen eraldatzailea esploratzeko eta euskararen etorkizunak eta kontakizunak entseatzeko sortu du Badalabek ekimen hau. Hala, artea, fikzioa eta esperimentazio kolektiboa uztartuko ditu.

HITZAkide HITZAkide