Amara Berriko etxegabetzea gelditzea lortu du Etxebizitza Sindikatuak
Hamarnaka herritar bertaratu dira, eta, protesta artean etxegabetzea gelditzea lortu dute, Ertzaintzaren aurrean.
Herritar ugari bertaratu dira Amara Berrira, etxegabetzea gelditzera.Xalba Ramirez Egoera zaurgarrian dagoen familia baten etxegabetzea gelditu dute astearte goizean Amara Berrin. Etxebizitza Sindikatu Sozialistak astelehen arratsaldean jakinarazi zuen Isabel II.a hiribideko familia bat etxegabetze arriskuan zegoela, eta kaleratzea gelditzera deitu zuen.
Horrela, 08:30ean, hamarnaka herritar bertaratu dira, eta, protesta artean etxegabetzea gelditzea lortu dute. Hain zuzen ere, sindikatuko kideak familiarentzako etxebizitza alternatiba bat lortzen saiatu dira azken egunotan, baina, azaldu dutenez, atzo, astelehenean, jakinarazi zioten familiari etxegabetzeak aurrera jarraitzen zuela, alternatibarik gabe.
Ertzaintza ere bertaratu da, baita kaleratzea geldiaraztera bertaratutako hainbat herritarren aurka indarrez oldartu ere; hala ere, polizia lerroa haustea lortu dute manifestariek. Azkenean, ordea, epaitegi batetik jakinarazi dute etxegabetzea bertan behera utzi behar zutela. Horrela, poliziak joan egin dira, eta familia bere etxean gelditu da.

