Miramon parkearen sekretuak ezagutzeko bi aukera, asteburuan
Miramon parkeko historia eta txokoak ezagutuko dituzte partaideekCristina Enea Fundazioa Parketik parkera ekimenak Donostiako parkeak ezagutzeko eta gozatzeko gonbita egiten die familiei. Irteera bakoitzean parke bat historia ezagutu eta bertako txoko ederrenak arakatzeaz gain, familian jolasteko aukera ere ematen die partaideei. Asteburu honetan, Miramon parkea izango da protagonista bi irteeratan. Larunbatekoa, gaztelaniaz egingo dute, eta igandekoa, euskaraz; biak, 11:00etan hasita.
“Miramongo parkea oso zabala denez, oraingoan zati txiki bat baino ez dugu bisitatuko”, azaldu du jarduera diseinatu duen Cristina Enea Fundazioko hezkuntza teknikari Uxua Aranak. “Bisita Katxola baserri dolarearen kanpoaldean hasiko da, sagarrarekin lotura handia duen lekuan, eta han, inguruko 200 sagarrondo baino gehiago zeharkatzeko aukera izango dugu, fruta horrek hiriko gizarte-bizitzan izan duen garrantzia ezagutzeko”.
Jarduerak aukera emango die, halaber, jende askok modu okerrean anfiteatro deitzen dion Miramongo antzokia ezagutzeko. Bertan, “akustikako proba oso interesgarriak” egingo dituzte, Pakea ibaiaren ingurua eta ibaiertzeko basoa, putzu txiki bat eta antzinako garbitegi baten hondakinak bisitatzeaz gain. Zorte pixka batekin, ingurune horretan bizi diren hainbat animalia-espezie ikusi ahal izango dituzte ere, hala nola anfibioak. Gainera, jarduera didaktikoak ere egingo dituzte gazteenekin, espezie horien bizi zikloa ezagutzeko, adibidez.
Bisitaldia familiei edo haurrez lagundutako pertsona helduei zuzenduta dago, eta gaztetxoei esploratzaile txiki bihurtzeko materiala emango diete, eroritako zuhaitzen enborren gainean izakiak bilatzeko eta zuhaitzek udazkenari aurre egiteko dituzten estrategiak ezagutzeko.
Parte hartu nahi dutenek Cristina Enea Fundazioaren webgunean izena eman behar dute.


