Osakidetzako EPE azterketetan, «euskarari eta euskaldunei eraso» egiten dietela salatu dute
Aintzat Osasungintza Euskalduntzeko Mugimenduak, Euskal Herrian Euskarazek eta ELA eta LAB sindikatuek Donostia Unibertsitate Ospitalean egindako agerraldia.EHE Aintzat Osasungintza Euskalduntzeko Mugimenduak, Euskal Herrian Euskarazek (EHE) eta ELA eta LAB sindikatuek agerraldia egin zuten astelehenean Donostiako Unibertsitate Ospitalearen atarian, “Osakidetzako EPE azterketetan euskarari eta euskaldunei eraso egiten” dietela salatzeko.
Hain zuzen ere, aurten eta hurrengo urtean aurreikusita dauden Enplegu Publikorako Eskaintzaren (EPE) azterketen harira egin zuten agerraldia, azterketa horietan euskarari berari eta haren ofizialtasunari “eraso” egiten diotela iritzita, probek dituzten akats ugari eta larriengatik: “Disminuyendo, itxuraz, handitzen da euskaraz; moderado aldiz, arina; posteroinferior, atzealde-aurrealdeko; años, uneak dira; administrar, hartu; zenbait hitz k-rekin beharrean, c-rekin; azentuak nonahi; b y c okerrak dira-ren gisako esaldiak eta espainierazko akronimoak gaizki itzulita edota zuzenean espainieraz jarrita. Hoietxek dira azterketa horietan topatu ditzakegun akats labur eta ulerkorrenak”.
Horrela, “euskararen aurkako eraso horiek mahai gainean jarri eta Eusko Jaurlaritza osatzen duten bi alderdi politikoen, EAJren eta PSEren, jarrera salatu” zuten Donostiako agerraldian: “Onartezina deritzogu euskaldunon zapalkuntza sistematiko hori ezkutatzea, espainieraz onargarri ez liratekeen galdera, esaldi, espresio edota ortografia zein gramatika akatsak onartzea eta azterketak euskaraz egin nahi izatea zigortzea. Hori gutxi ez eta, azterketak euskaraz prestatzea ere oztopatzen digute; izan ere, ikasmateriala espainieraz soilik dago. Euskaldunak, beraz, bi aldiz baztertzen gaituzte: azterketak espainieraz prestatzera behartuz eta espainieraz egitera bideratuz, euskarazko azterketen maila eta edukiak tamalgarriak direlako”.
“Utzikeria eta gutxiespena”
Lau eragileek azaldu zutenez, lau EPE azterketa behatu dituzte, eta ondorioztatu dute “euskararekiko utzikeria eta gutxiespena agerikoak” direla: “Akats puntualez gain, akats larriak ere ohikoak dira. Hona hemen datuak: Erizaintzako azterketan, 110 galderatik, 52 akats arin eta 24 larri (guztira, 76 akats); erizain laguntzaileenean, 110 galderatik, 31 akats arin eta 13 larri (guztira, 44 akats); zeladoreenean, 110 galderatik, 33 akats arin eta 11 larri (guztira, 44 akats) eta zerbitzuetako langileenean, 110 galderatik, 25 akats arin eta 17 larri (guztira, 42 akats)”.
“Akats larri” horietako batzuk aipatu zituzten, hain zuzen ere: Prefijo, aurrezki; no debe ser menor a 15 segundos, 15 segundotik beherakoa izatea edo afinidad, ezkontza-ahaidetasun. “Larritasuna areagotzeko, Osakidetzak berak, bigarren fasean egondako akatsak azaldu zaizkion arren, datozen hirugarren faseko azterketetan ez ditu akatsak berrikusi edo zuzendu. Egoeraren jakitun eta arduradun izanik ere, ez zaie axola, ez diegu axola”, gaineratu zuten.
Horregatik guztiagatik, “bazterkeria” salatu zuten eragileek: “Euskaldunok sistematikoki baztertzen gaituzte eta ez digute euskaraz ikasten, formatzen, lan egiten, gaixotzen eta sendatzen utzi nahi. Gertatzen ari dena herritarron eskubideen kontra doa, baita kalitatezko osasun sistema publikoaren aurka ere”. Era berean, eskaera zuzena egin zioten Eusko Jaurlaritzari: “Berehalakoan eta gutxienez, euskarazko ikasmateriala sortzea eta hemendik aurrerako deialdien edota azterketen kalitate egokia bermatzea exijitzen diogu. EAErako eskatzen duguna, noski, Euskal Herri osorako eskatzen dugu”. “Era berean, argi adierazi nahi dugu osasun langileok, euskaltzaleok nahiz ikasleok, euskararen zein paziente euskaldunen biziraupenerako, kalitatezko osasungintzaren alde lanean jarraituko dugula; saretuz, antolatuz eta geure eskubideak zapaltzen dituzten neurri eta legediak desobedituz”, gehitu zuten.

