Tabakalerak 2027ko zinema programazioa aurkeztu du, atzerabegirako, ziklo eta topaketa berriekin
Tabakalerak 2027ko zinema programazioaren ildo nagusiak aurkeztu ditu, Donostiako ikus entzunezko ekosistemako erakundeen arteko lankidetzari eutsiz. Urteko hitzordu nabarmenen artean izango dira Moriarti ekoiztetxearen filmografiari eskainitako lehen atzerabegirakoa, Albertina Carri eta Jacques Tati zinemagileen zikloak, Pier Paolo Pasoliniri buruzko saioak eta zinema arabiar garaikideari zein klima larrialdiari buruzko programazioak.
Urteko lehen hitzordu nagusia Tabakalera Belaunaldiaren bigarren topaketa izango da, urtarrilaren 14tik 16ra. Hiru egunetan, proiekzioak, zinemagileekin solasaldiak eta ikus entzunezko sektoreko profesionalentzako networking saioak egingo dira. Bestalde, Donostia Zinemaldiak Herri Pantaila ekimena jarriko du abian otsailetik ekainera, Zinemaldiaren historian proiektatutako bost film berreskuratu eta ikus-entzunezko hezkuntza sustatzeko. Udaberrian, gainera, EQZEko ikasleek Tabakalerako, SADEko eta Koldo Mitxelena Kulturuneko pantailak elkartuko dituen ziklo bat programatuko dute.
Programazioak askotariko proposamenak bilduko ditu: Nosferatu zikloak Ekialde Ertaineko eta Afrika iparraldeko azken 25 urteetako zinema aztertuko du; Zinema eta zientzia ekimenak hamargarren urteurrena ospatuko du; eta Jacques Tati, Albertina Carri eta Moriartiren lanei eskainitako atzerabegirakoak egingo dira. Horiez gain, Zinemaldia + Plus programak klima-larrialdia izango du ardatz, zazpi filmekin, eta Kontatutako zinea zikloak Rodrigo Sorogoyen zuzendaria hartuko du urtarrilaren 30ean. Gazteak zinean ekimenak eta goizeko saioek ere jarraipena izango dute.
Tabakalerako 2027ko zine-bonuak 90 euro balioko du, eta pantaila partekatuko erakundeen 30 film ikusteko aukera emango du, Donostia Zinemaldiko emanaldiak salbu. Bonua abenduaren 15ean jarriko da salgai, eguerdiko 12:00etan, eta 2027ko urtarrilaren 31ra arte eskuratu ahal izango da, Tabakaleraren webgunean edo Informazio Puntuan. Egun berean irekiko da urtarrileko emanaldietarako sarreren salmenta ere.


