Literaktum

6.100 lagunek hartu dute parte Literaktum jaialdian

literaktum Ipuin kontalari bat, Literaktum jaialdiko haurrentzako jarduera batean.Iñaki Rubio / LIteraktum

Azaroaren 9tik 23ra egin dute 2026ko Donostiako Literaktum jaialdia, eta Donostia Kultura erakunde antolatzaileak nabarmendu duenez, 6.100 lagunek hartu dute parte aurten jaialdian, heldu zein haurrentzat antolatutako 55 jardueretan.

Literaktumen gai nagusia Bitxia: aniztasuna eta ahots isilak izan da, eta, horren harira, idazleak hauek egon dira jaialdian: Joseba Sarrionandia, Elvira Minguez, Lucia Solla Sobral, Nerea Pallares, Garazi Kamio, Fabio Neri, Ken Bugul eta Sergio del Molino. “Bestelako gaiak landu izan dituzten egileek ere aurkeztu dituzte euren lanak, besteak beste: Juan Gabriel Vasquez, Irati Jimenez, Maximo Huerta eta Yasmina Reza. Horiez gain, Uwe Wittstockek, Patricio Pronek, Itziar Ugartek, Manuel Vilasek, Madalena Matosok eta Llucia Ramisek euren sorkuntzen berri eman dute”, gaineratu du Donostia Kulturak.

Horrela, ikusle kopuruari dagokionez, saio hauek izan dira bereziki arrakastatsuak, antolatzaileen arabera: Juan Gabriel Vasquez, Yasmina Reza, Manuel Vilasen saioak eta Maximo Huertarekin Tomasene liburutegian izandako topaketa. “Literaktum Txikiak ere, parte hartze esanguratsua izan du. Ipuin kontalariak, antzezlanak, Haurren Egun Unibertsalaren X festa, ilustratzaileekin tailerrak eta Pinotxoren abenturak ardatz izan duen Ilustrazio Lehiaketak osatu dute programa. Ilustrazio Lehiaketak seigarren edizioa ospatu du eta 242 marrazki aurkeztu dira”, gehitu dute.

Jaialdia bukatuta ere, oraindik ikusgai dauden zenbait erakusketa daude Donostian: Dudak dakarrena, Okendo Kultur Etxean, Poesia, oinarrizko bizi euskarria, Intxaurrondo Kultur Etxean, Iraganeko eta gaurko euskal ilustrazioa eta Feillet ahizpei omenaldia, Aiete Kultur Etxean eta Gure gailurretako historia marrazten, Ernest Lluch Kultur Etxean. 

HITZAkide HITZAkide