Ertzaintzak lau pertsona atxilotu ditu Aieteko etxebizitza batean droga trafikoa, kapitalak zuritzea eta talde kriminaleko kide izatea leporatuta
Aieteko etxebizitzan ertzainek atzemandakoak.Ertzaintza Ertzaintzak lau lagun atxilotu zituen astelehenean Aieteko etxebizitza batean egindako operazio batean, droga trafikoa, kapitalak zuritzea eta talde kriminaleko kide izatea egotzita. Miaketan drogak eta botikak atzeman zituzten, baita eskudirua eta droga pisatzeko, manipulatzeko eta banatzeko tresnak ere. Atxilotuak atzo utzi zituzten epailearen esku, eta honek espetxeratzeko agindua eman zuen.
Urri hasieran, Ertzaintzak zaintza dispositibo berezi bat jarri zuen abian Aieteko etxebizitza baten inguruan, han, droga trafikoarekin lotutako jarduerak egiten ari zirela iradokitzen zuten mugimendu susmagarriak antzeman ondoren. Lehenago ere esku hartu zuten etxebizitza horretan arrazoi beragatik, eta bertan bizi ziren zenbait pertsona atxilotu zituzten. Azken asteotako kontroletan egiaztatu zuten maiz joaten zirela denbora laburrez egoten ziren pertsonak, legez kanpoko substantziak erostera. Halaber, droga trukeak ikusi zituzten eraikinaren inguruan, egiturako kide gisa identifikatutako pertsonen artean.
Horren aurrean, eta epailearen baimenarekin, ertzainek miaketa egin zuten asteleheneko lehen orduetan. Horrela, etxebizitzako hainbat gelatan ezkutatuta aurkitu zituzten substantzia estupefazienteak, bai biltegiratzeko, bai zuzenean saltzeko kopuru desberdinetan banatuta, baita horiek pisatzeko eta manipulatzeko beharrezko tresnak ere. Guztira, 970 gramo anfetamina sulfato edo speed, 60 gramo kokaina, kilo bat inguru haxix eta marihuana, heroina eta MDPV dosi batzuk, hainbat sendagairen 500 pilula inguru eta 50 metadona pote aurkitu zituzten.
Horrez gain, zortzi doitasun balantza, bi ehogailu elektriko, substantziak nahasteko eta prestatzeko elementuak eta 1.000 euro inguru eskudirutan konfiskatu zituzten. Merkantzia horrek 42.500 euro inguruko balioa izango luke merkatuan saldu izanez gero.
Beharrezko egiaztapenak egin ondoren, nazionalitate espainiarreko lau pertsona atxilotu zituzten bertan. Ustezko trafikatzaileek osasun publikoaren aurkako delituengatiko aurrekariak dituzte.


