Etxaide kaletik Karkizanora, Wight uhartetik pasatuta

Aurten 40 urte bete dira Maria Dolores Goia andereño aitzindaria hil zenetik. 36ko gerra aurrean Donostiako ikastola batean aritu zen, eta gerra ostean, bere etxean ireki zuen ikastola. Haren alaba Miren Egañak hartu zion lekukoa, 1975ean itxi zuen arte.

goia Maria Dolores Goia 1937an, gerrako umeekin, Wight uhartean, Ingalaterran.Miren Egañak utzitakoa

Jose Antonio Agirre Eusko Jaurlaritzako lehendakariak De Guernica a Nueva York pasando por Berlín (Gernikatik New Yorkera Berlindik pasatuta) liburua idatzi zuen eran, Etxaide kaletik Karkizanora, Wight uhartetik pasatuta egin zitekeen Maria Dolores Goia andereño donostiarrari buruz, lekuko eta parte hartzaile zuzena izan baitzen 36ko gerraren aurreko, bitarteko eta osteko euskarazko hezkuntzaren historian, eta, bide batez, Euskal Herrikoan.

Hain zuzen, 40 urte bete berri dira ikastoletako andereño aitzindari hura zendu zenetik: gerra aurrean Donostiako Etxaide kaleko ikastolan andereño aritu ostean, gerra garaian Ingalaterra hegoaldeko Wight uhartean ibili zen gerrako umeekin, eta erbestetik bueltan, Donostiako bere etxean ikastola bat ireki zuen 1951. urtean, Karkizano kalean. Bertan aritu zen lanean, 1964tik aurrera haren alaba Miren Egañarekin, harik eta 1970ean ikastola utzi zuen arte, gaixotasun bat zela medio; alabak 1975ean itxi zuen ikastola. Autobiografiarik ez zuen idatzi, baina plaza bat badauka, ondo merezita, bere jaioterrian, Intxaurrondo auzoan.

dolores

Maria Dolores Goia, 1971n, ikastola utzi ondoren.Fermin Leizaola

«Nire amak zorte handi bat izan zuen bizitzan: amaren lehengusu baten semea marianista zen, eta hark ikasketa guztiak ordaindu zizkien, bai berari, bai anai-arreba guztiei». Egañak ondo gordetzen ditu gogoan amari ikasiak eta hark kontatuak, eta haren gutunak, tituluak, argazkiak, liburuak eta denetariko altxorrak, halaber, ondo ikertuak ditu; ez da kasualitatea irakaskuntzan eta ikerkuntzan ibilbide oparoa egin izana. Hezkuntzarako sarbidea izatea izan zen haren amaren «zorte handia», ez baitzuen zertan halakorik eduki. Ez zen familia aberatsekoa.

Erreportaje hau Berria egunkaritik ekarri dugu, CC lizentziei esker; osorik irakurtzeko, jo Berria-ra.

Erlazionatutako edukiaSei emakume oroitzeko sei plaka
HITZAkide HITZAkide