osasuna

Eztarri trabatzeen aurrean nola jokatu ikasteko doako tailerrak eskainiko ditu DYA Gipuzkoak

DYAko anbulantzia berriak.DYA Gipuzkoa

Gabonetako ospakizunak iristear direla eta, eztarri trabatzeen prebentzioa eta horien aurreko erantzuna lantzeko kanpaina abiatuko du DYA Gipuzkoak. Abenduaren 9tik 12ra bitartean, Eztarri trabatzearen Aurkako Astea ospatuko dute, herritarrak sentsibilizatu eta larrialdi horien aurrean modu eraginkorrean jarduteko tresnak emateko.

Ekimenak lau saio praktiko eta doako izango ditu. Bertaratzen direnek eztarri trabatze bat nola antzeman ikasiko dute, eta, batez ere, airebideak libratzeko maniobrak behar bezala egiteko prestakuntza jasoko dute.

Saio guztiak DYA Gipuzkoak Donostian duen Formazio eta Boluntariotza Gunean eskainiko dituzte (Baratzategi kalea, 10, behea), honako ordutegiarekin: abenduaren 9, 10 eta 11n, 18:00etatik 19:00etara. Abenduaren 12an, berriz, 10:00etatik 11:00etara.

Tailerretarako sarbidea doakoa da, baina lekua ziurtatzeko ezinbestekoa da aurretik izena ematea. Horretarako, 943 464 622 telefonora deituz, irakaskuntza.eskola@dyagipuzkoa.com helbidera idatziz edo DYA Gipuzkoaren webgunearen bidez egin daiteke eskaera.

HITZAkide HITZAkide