KODE proiektuak Los Angeles, Paris eta Donostia lotuko ditu, argazkigintza, musika eta surfa uztartuz
The Social Hub enpresak Loiolako Erriberan eraikitako hotela. Argazkigintza, surfa eta musika elektronikoa puntu berean elkartuko dira datorren ostiralean, hilaren 27an, Donostian. KODE kultur proiektu berriak Materia Prima izeneko lehen hitzordua antolatu du hirian, sormen nortasun nabarmena duten hiru hiriren —Los Angeles, Paris eta Donostia— arteko zubiak eraikitzeko asmoz. Egitaraua bi zatitan eta bi gunetan garatuko da: arratsaldean The Social Huben, eta, gauean, Dabadaban.
Lehen zatia 20:00etan abiatuko da The Social Huben, eta Zach Cordner argazkilari estatubatuarra izango da protagonista nagusia. Los Angelesen bizi den argazkilariak musika argazkigintzan eta hiri kulturan egindako ibilbide luzea dakar Donostiara; besteak beste, Daft Punk, Motörhead eta Rage Against the Machine taldeak erretratatu ditu, eta urte luzez dokumentatu ditu surfaren eta skatearen munduak. Around the World erakusketan parte hartu berri du, eta haren argazki erakusketa datozen bi hilabeteetan egongo da ikusgai The Social Huben.
Erakusketaz gain, elkarrizketa egingo diote Cordnerri; Edu Zips surf taulen artisauarekin topaketa bat izango da, eta musika elektronikoaren bilakaeraz aritzeko mahai inguru bat antolatu dute Garai, Pizky, Charles eta Borja S eszenako profesionalekin. Garairen DJ saioak girotuko du ekitaldia, eta janaria nahiz edaria eskainiko dituzte. Sarrera doakoa izango da, aldez aurretik izena emanda eta edukiera bete arte.
22:30etik aurrera, jardunaldiak Dabadaban jarraituko du, musika elektronikoaren underground eszenako hiru izen nabarmenekin: Pizky, Borja S eta Charles. Housetik technora bitarteko estiloak, minimala eta soinu eklektikoak uztartuz, biniloen bidez esentziara itzultzeko apustua eramango dute dantzalekura. Saio horretarako aurresalmentako sarrerak agortuta daude jada.



