hondakinak

Udalak 21 garbigune txiki jarriko ditu hiriko hamazazpi auzotan

Garbigune txiki bat.Donostiako Udala

Donostiako Udalak eta San Markos Mankomunitateak elkarlanean ekin diote hiriko hamazazpi auzotan 21 garbigune finkoko sare bat ezartzeari. Puntu horien bidez, orain arte ohiko edukiontzietan bota ezin diren eta tratamendu espezifikoa eskatzen duten etxeko hondakinak jasotzen zituen furgoneta ibiltaria ordezkatuko dute. Horrela, aurrerantzean donostiarrek edozein unetan utzi ahal izango dituzte hondakin bereziak garbigune txikietan.

Tamaina txikiagokoak izan arren, ohiko garbiguneen funtzionamendu bera dute instalazio berriek. Bertan hondakin hauek biltzeko aukera egongo da: etxetresna elektriko txikiak, gailu informatikoak, bonbillak, fluoreszenteak, tinta eta toner kartutxoak, kafe kapsulak, pintura poteak eta metalezko objektu txikiak, hala nola lapikoak edo zartaginak.

“Zenbat eta errazagoa eta hurbilagoa izan birziklatzea, orduan eta jende gehiagok parte hartuko du”, adierazi du, hala, Iñigo Garcia Villanueva Hiri Mantentze eta Ingurumeneko zinegotziak. Zerbitzua auzoetara hurbilduta, “gehiago eta hobeto birziklatuko duen eta hondakin gutxiago sortuko dituen Donostia bat” lortu nahi dutela nabarmendu du.

Egokitzapena, 2027ko martxora arte

Herritarrei ohitura berrietara egokitzen laguntzeko, zerbitzua pixkanaka jarriko da martxan, eta trantsizio aldi bat izango du. Zehazki, egungo furgoneta ibiltariak eta minigarbigune finkoek aldi berean jardungo dute 2027ko martxora arte.

Denbora tarte horretan, furgonetara gerturatzen diren erabiltzaileei sistema berriaren ezaugarrien eta puntu finkoen kokapenen berri emango zaie. Trantsizio ordenatu hori bukatzean eta herritarrak bilketa eredu berrira ohitu ondoren, garbigune txikiek behin betiko hartuko dute zerbitzu ibiltariaren lekukoa.

Aurreikusitako kokalekuak eta arauak

Hauek dira auzoz auzo aurreikusitako 21 kokapenak:

  • Aiete: Borroto pasealekua – Etxadi.
  • Altza: Larratxo pasealekua, anbulatorioko biribilgunea.
  • Alde Zaharra: Okendo eta Bengoetxea kaleen artean.
  • Intxaurrondo Zaharra: Zubiarre pasealekua, 72.
  • Intxaurrondo: Sagastieder plaza.
  • Amara Berri: Jose Maria Salaberria kalea, 31, eta Gregorio Ordoñez – Euskal Kortsarioen kalea.
  • Antigua: Gaskonia plaza, José María Sert – Simona Lajust eta Zarautz kalea, 88.
  • Añorga: Añorga Txiki, 18.
  • Ategorrieta: Atarizar kalea – Fernando Sasiain kalea.
  • Bidebieta: Serapio Mugica pasealekua, kiroldegiaren ondoan.
  • Erdialdea: Easo plaza eta Sanchez Toca kalea, 7.
  • Egia: Karmengo Andre Mariaren kalea – Iruresoro plaza.
  • Gros: Luistar Langileen plaza.
  • Igeldo: Cristobal Balenciaga pasealekua, frontoiaren ondoan.
  • Larratxo: Larratxo pasealekua – Txirrita Bertsolariaren pasealekua.
  • Loiola: Euskotrenen geltokiaren aurrean.
  • Martutene: Martutene pasealekua – Pilarreko Andre Mariaren auzunea.

Udalak udal kanalen eta informazio materialaren bidez emango ditu jakitera behin betiko kokapenak. Era berean, gogorarazi du onartutako hondakinak bakarrik utzi behar direla, bakoitza dagokion konpartimentuan, eta ezin dela ezer utzi garbigune txikietatik kanpo; izan ere, hondakin horien osagai batzuek birzikla daitezkeen beste material batzuk kutsa ditzakete eta ingurumena kaltetu.

HITZAkide HITZAkide