Argitalpen bakarrean bildu dute Aita Donostiaren obra koral ez liturgikoa, orain arte argitaratu gabeko piezekin
Atzo aurkeztu zuten Aita Donostiaren obra koral ez liturgikoaren lehen edizio osatua. Gipuzkoako Foru Aldundia Euskal musikagintzaren ondare garrantzitsu bat berriro jarri dute abesbatzen, interpreteen, ikertzaileen eta herritarren eskura. Ikerketa, berreskurapen eta edizio lan zabal baten ostean, atzo aurkeztu zuten Aita Donostiaren obra koral ez liturgikoaren lehen edizio osatua.
Argitalpenak lehen aldiz batzen eta antolatzen ditu ordura arte sakabanatuta, agortuta edo irismen zailean zeuden 127 konposizio. Horietatik hamazazpi argitaratu gabe zeuden orain arte, eta euskal abesbatzen errepertorio ezaguna aberastera datoz. Bestalde, bildutako piezen artean 105 aurretik zeuden musika materialetatik abiatuta sortu zituen konpositoreak —batez ere, kantu tradizionaletatik—, eta 22 sorkuntza originalak dira.
Euskarak eta euskal poesiak pisu handia dute multzo osoan: 89 lan euskaraz daude (%70a inguru). Gainera, azterlanak ia ezezaguna zen lan multzo bat atera du argitara, euskal kulturako bi figura nabarmeni —Iratzeder (Jean Diharce) eta Gabriel Lertxundi— lotutakoa: zortzi konposizio Iratzederren melodien gainean eraikita daude, eta zazpik Lertxundiren testuak dituzte.
Gizarteratu eta oholtzaratu
Josu Okiñena konpositorea aurkezpenean izan zen, eta azpimarratu zuenez, sakabanatuta eta agortuta zegoen errepertorioa ordenatzeko beharrak bultzatu zuen proiektua. Partiturak aurkitzeaz gain, horiek sakon aztertu dituzte, abesbatzek zehaztasunez landu eta berriro entzungai jar ditzaten. Ikertzailearen arabera, lan honek Aita Donostiaren bi alderdi osagarri erakusten ditu: ahozko tradizioaren ezagutza sakona eta material hori sorkuntza propio bihurtzeko gaitasuna.
Andoni Iturbe Kulturako sailburuordeak ere ondarearen biziberritzea izan zuen hizpide aurkezpenean. Haren ustez, halako lanek ez dute soilik iraganeko dokumentuak gordetzeko balio, baizik eta gizarteari itzultzeko, bizitza kulturalaren parte izan daitezen. Hala, argitalpenak “euskal memoria kulturalaren funtsezko zati bat babestea eta etorkizunera proiektatzea ahalbidetzen du, non musika, euskara, poesia eta ahozko tradizioa biltzen diren”.
Hiru liburuki
Musika materialaren jatorria eta ahots talde mota irizpide hartuta, hiru liburukitan banatu dute edizioa:
I. Liburukiak, ahots mistoetarako kantu tradizionalei buruzko obrak biltzen ditu. Aurretik zeuden melodia eta kantu tradizionaletatik abiatutako piezak dira. II. Liburukia, ordea, ahots berdinentzako kantu tradizionalei buruzko obrak jasotzen ditu, horiek ere lehendik zeuden material tradizionaletan oinarrituak. Eta, azkenik, III. Liburukia, obra originalei eskainia dago, hau da, kantu tradizional edo aurretiko melodia batetik ez datozen konposizioei. Folklore-biltzaile lanaz haragoko Aita Donostia konpositorea agertzen du atal honek.
Balio musikologikoaz harago, ondarea osotasunean berreskuratzeko egitasmoa da. Sakabanatutako piezak lokalizatu eta berreraikitzeaz gain, edizio zehatz honek horien kontserbazioa ziurtatzen du, eta Euskal Herrian nahiz nazioartean berriro kantatu, grabatu, aztertu eta programatzeko bidea errazten du.


