Osasuna

Euskal osasun ikerketa «hilzorian» dagoela salatu dute Donostian

osasuna Biogipuzkoako langileen elkarretaratzea, ospitalearen aurrean.Biogipuzkoako langileak

Biogipuzkoa osasun ikerketa erakundeko langileak, Biobizkaia, Bioaraba eta Biosistemak institutuetakoekin batera, Donostiako ospitalearen aurrean elkarretaratu ziren asteazkenean (hilak 25), Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako osasun ikerketa publikoa “hilzorian” dagoela salatzeko: “Gaur hilkutxa hau hartu dugu bizkarrean, horrela ari baitira erakundeak Euskadiko osasun ikerketa publikoa tratatzen: bizirik lurperatzen”.

“Gure zuzendaritzentzat eta Eusko Jaurlaritzarentzat, ikusezinak garela dirudi”, salatu zuten: “Gaur modu sinbolikoan ospatzen dugu zientziaren hileta Euskadin, eta abandonu honen arduradunak zuzenean seinalatuz egiten dugu. 2022. urtetik gaude Zientziaren Legea bete dadin zain. Lau urte daramatzagu indarrean dagoen lege bat gure institutuetan paper bustia izaten. Pazientzia izan dugu, arduratsuak izan gara eta borondaterik onenarekin eseri gara negoziatzera, bai zentroetako zuzendaritzekin, bai Eusko Jaurlaritzarekin. Eta zer jaso dugu trukean? Blokeoa, aitzakiak eta proposamen duin bakar bat ere ez mahai gainean”.

Ildo beretik, bizi duten prekaritatea gogor salatu zuten, fokua erakunde publikoetan jarriz: “Ikerketa estrategikoa dela esaten digute, ahoa betetzen zaie berrikuntzaz eta etorkizunaz hitz egitean, baina errealitatea da prekaritatera kondenatzen gaituztela. Horregatik esaten dugu gaur: Aski da! Ez dugu onartuko gure eskubideak eta osasungintza publikoaren etorkizuna lurperatzerik”.

osasuna

Biogipuzkoako langileen elkarretaratzea, ospitalearen aurrean.Biogipuzkoako langileak

Bi eskaera zehatz

Langileek bi “gauza argi eta negoziaezin” exijitu zituzten: “Lehenengoa: Zientziaren Legea berehala betetzea. Amaitu dira aitzakiak. Duela lau urtetik legez dagozkigun eskubideak benetan aplikatzea nahi dugu. Bigarrena: benetako finantzaketa eta Osakidetzarekiko soldata berdintzea. Osasun sistema publikoaren barruan lan egiten dugu, sorbalda sorbaldaren kontra asistentzia  langileekin, eta exijitzen dugu gure lan eta soldata baldintzak behingoz parekatzea Osakidetzan ditugun kategoria baliokideenekin. Sistema publikoan lan eta erantzukizun berberagatik, baldintza berberak!”.

Bestalde, mobilizazioan atera zuten hilkutxa sinbolikoa “abisu bat” dela ohartarazi zuten: “Biogipuzkoa, Biobizkaia, Bioaraba eta Biosistemak institutuetako zuzendaritzek eta Eusko Jaurlaritzak egoera hau berehala desblokeatzen ez badute, mahai gainean finantzaketa eta proposamen duinak jartzen ez badituzte, hileta sinboliko hau errealitate bihurtuko da talentu ihesaren eta gure zentroen itomenaren erruz”. “Zientzia ez da bakarrik hiltzen: prekaritateak eta borondate politiko faltak hiltzen dute”, gehitu zuten.

osasuna2

Biogipuzkoako langileen elkarretaratzea, ospitalearen aurrean.Biogipuzkoako langileak

HITZAkide HITZAkide