zinema

Katalanezko hamar film labur proiektatuko ditu Òmnium Zinema Jaialdiak abenduaren 4an Donostian

Òmnium Zinema Jaialdiaren artxiboko argazki bat.Òmnium Zinema

Ernest Lluch Kultur Etxea katalanezko zinemagintzaren erakusleiho bihurtuko da abenduaren 4an, ostiralarekin. Òmnium Zinema Jaialdia bigarrenez egingo da hirian, Espai Català Via Fora elkarteak antolatuta eta Donostia Kulturaren laguntzarekin. Guztira, katalanezko azken aldiko hamar film labur onenetako batzuk proiektatuko dituzte areto nagusian, jatorrizko bertsio katalanean eta euskarazko azpitituluekin.

Jaialdiak hamargarren edizioa bete du aurten, eta iaz Donostian egindako lehen emanaldiaren esperientziaren ondotik dator berriro. Ekimenak hiru helburu nagusi ditu: katalanezko ikus entzunezko produkzioa sustatzea, sortzaile berriei laguntzea eta kalitatezko zinema askotariko ikusleengana hurbiltzea.

Familia eta desira, ardatz

Egitaraua gai banaren inguruko bi saiotan banatu dute. 17:00etatik 18:30era Familia agertokian saioa egingo dute; bertan, familia izango da ardatz, elkartzen gaituzten loturak eta gertukoenen artean sortzen diren harreman konplexuak jorratuz. Bost lan hauek osatuko dute lehen blokea:

  • Els buits (2024) – Isa Luengo, Marina Freixa eta Sofia Esteve – 19 min
  • Lluna de sal (2024) – Mariona Martínez – 20 min
  • Vida o teatre (2024) – Guillem Manzanares – 16 min
  • Tres mares (2025) – Beruh Pietx – 6 min
  • El príncep (2024) – Àlex Sardà – 29 min

Ondoren, 19:00etatik 20:30era, Desiraren kartografia saioaren txanda izango da. Kasu honetan, desira eta haren adierazpide ugari aztertzea proposatuko du, zinemagintzaren bost begirada desberdinen bitartez:

  • La nostra habitació (2025) – Jaume Claret Muxart – 29 min
  • La filla d’elles (2024) – Nora Alberdi Odriozola, Iona E. Quesada, Nhoa Carmona Aguilar, Alejandra López Puebla eta Malena Montiel Rodríguez – 14 min
  • Còlera (2025) – José Luis Lázaro – 10 min
  • Geometria bàsica de la muntanya del Montsianell (2024) – Antoni Grañana – 5 min
  • El jardí del diable (2025) – Pol Rebaque – 22 min
HITZAkide HITZAkide