Martuteneko Dbusen 26 linea hobetzearen alde egin du udalbatzak
Sarroeta auzo elkartearen eskaria azaroko osoko bilkurara eraman du EH Bilduk, eta udal talde guztiek babestu dute mozioa.
Martuteneko hainbat bizilagun, udaletxeko osoko bilkuren aretoan.Sarroeta auzo elkartea Donostiako Udalbatzak konpromisoa hartu du Martuteneko Dbusen 26 linea hobetzeko. EH Bilduk aurkezturiko mozioa aho batez onartu dute udal talde guztiek azaroko udalbatzarrean. Horrela, Mugikortasun Saila urtea bukatu aurretik elkartuko da Martuteneko bizilagunekin ordutegiez, ibilbideez eta maiztasunez hitz egiteko.
“Hainbat aukera daude eremu honetako, Martuteneko, Txomiñeneko eta Loiolako mugikortasuna zein autobus zerbitzu publikoa hobetzeko, eta horiek bertako bizilagunekin aztertzea eta praktikan ezartzea garrantzitsua da”, adierazi du EH Bilduko zinegotzi Garbiñe Alkizak.
Pasa den astean, Martuteneko Sarroeta auzo elkarteak Olatz Yarza Mugikortasuneko zinegotziak egindako adierazpen batzuk “gezurtatu” zituen: “Urumea ibarrerako garraio publikoan egiturazko hobekuntzak egiteko aukera baztertu du, eta ordutegietan gutxieneko doikuntzak aztertzera mugatu da”. Gaur, ordea, Yarza prest agertu da Dbusek Martutene ingururako egindako azterketak bizilagunekin konpartitzeko. Zehazki, 26 linearen ordutegietan egin daitezkeen hobekuntzak eta ibilbidearen iraupena murrizteko aukerak aztertzen ari direla esan du. Ordea, egun linea horrek zeharkatzen dituen auzoak zerbitzurik gabe ezin direla utzi ohartarazi du.
Iñaki Gabarainek hitz egin du sozialisten izenean, eta 26 linearen gabeziak plazaratu ditu. Haren esanetan, linea horren ordutegiek, ibilbideek eta maiztasunek ez diete erantzuten “garapen urbanistiko eta demografiko garrantzitsua duen” hiriko zonalde baten beharrei. Urumeako ibarraren inguruan Donostiaren zabalgune berri bat dela adierazi du Gabarainek, “zerbitzu eta garraio egokiak izan behar dituena”. Horrez gain, topoaren igarobide berriari ere erreferentzia egin dio. Izan ere, Loiolak topo geltokia duen bitartean, Martutenek ez du halakorik.


