«Egia osoa, justizia eta erreparazioa» galdegin dituzte beste behin, Mikel Zabalzaren omenaldian

Mikel Zabalza omendu dute Altzan Mikel Zabalza omendu dute AltzanJoseba Parron San Sebastian

Altzako Mikel Zabalza Gogoan Herri Ekimenak urteroko ekitaldia egin zuen larunbat eguerdian Altzagainako San Martzial plazan dagoen Mikelen Txokoan. Lore eskaintza eta aurreskua gauzatu zituzten Guardia Zibilak Zabalza orbaizetarra eta Altzako bizilaguna atxilotu, Intxaurrondoko kuartelera eraman, torturatu eta erail zuenetik 41 urte bete direnean —ostegunean, hilak 26, izan zen urteurrena—. Aitortza instituzionala mugarritzat jo bazuten ere, Estatuaren bertsio ofiziala ez dela aldatu eta “inpunitateak” indarrean jarraitzen duela salatu zuten. 

Gertakari lazgarri horretatik lau hamarkada osatzean, dinamika berezia egin zuten, transmisioari eta herri memoriari aitortza eginez. Iazko urteurren hori “inflexio puntua” izan zela adierazi zuten, baita erantzukizunak eskatzeko aldarria indartu zuela ere. Beste mugarri garrantzitsutzat jo zituzten azken urteotan aitortzari dagokionez egindako urratsak; izan ere, bai Eusko Jaurlaritzak bai Nafarroako Gobernuak estatu indarkeriaren biktima gisa aitortu dute Zabalza. Erabaki horrek erreparazio eskaera “neurri batean” asetzen badu ere, oraindik egiteko asko falta dela ohartarazi zuten: “Bidea urratzen hasia da, baina bidea ez da amaitu”.

Hala, salatu zuten aitortza ofiziala jasotzea ez dela nahikoa torturak eragindako “ondorioak, gaitzak eta gaixotasunak” gainditzeko. Herri ekimenak gogorarazi zuenez, egia eta justizia osoa ez dira eman: Estatuaren bertsio ofiziala ez da aldatu eta Guardia Zibilak oraindik ez du aitortu Zabalza torturen ondorioz hil zela. Gainera, “inpunitatea” mantentzen da, gertatutako Sekretu Ofizialen Legeak babestuta baitago. Horri lotuta, aste honetan bertan EAJko presidente Aitor Estebanek gaitzetsi egin zuen Pedro Sanchezek ez duela bete Zabalzaren heriotzari buruzko agiriak desklasifikatzeko “konpromisoa”.

Aurrera begira, “urrats sendoagoak eta ausartagoak” egiten jarraitzeko beharra nabarmendu zuten antolatzaileek, “egia osoa, justizia, erreparazioa eta halakorik berriz ez gertatzeko bermeak lortu arte”. Memoria gordetzeko, erakusteko eta belaunaldiz belaunaldi transmititzeko “proiektu kualitatiboetan” jarriko dute indarra, eta martxan dituzten bi egitasmoren berri eman zuten.
Batetik, Zabalzaren kasua abiapuntu hartuta, eskoletan torturaren errealitatea lantzeko materiala prestatzen ari dira. 2027rako prest izatea espero dute, eta ekarpenak egin nahi dituztenei ateak zabalik dituztela adierazi zuten. Bestetik, La Cumbren estatuaren indarkeriaren biktimentzako memoriagune handi eta duin bat sortzeko talde sustatzailean parte hartzen ari dira.

Jarraian, Joseba Parron San Sebastianek ekitaldian egindako zenbait argazki:

HITZAkide HITZAkide