EH Bildu izan da alderdi bozkatuena Donostian, PSE-EEren aurretik
Hauteskundeetako mahai bat.Irutxuloko Hitza EH Bildu izan da Donostian boto gehien lortu dituen alderdia Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan. 2023an, PSE-EE izan zen, baina oraingoan, lekuak trukatu dituzte. Koalizio abertzaleak 33.903 boto lortu ditu (2023an 22.217 izan ziren), eta sozialistek, berriz, 30.837 eskuratu dituzte (2023an, 25.535).
Hirugarren indarra PP izan da 22.397 botorekin (2023an, 15.646), eta laugarren gelditu da EAJ, behera egin duen alderdi bakarra 1.650 boto galduta. 20.105 jaso ditu (2023an 21.755). Jeltzaleen atzetik gelditu dira Vox (3.328 boto) eta Fronte Zabal (2.905 boto).
Parte hartzeak lehen ordutik gora egin du nabarmen eta egun osoan zehar mantendu da joera. 14:00etan erroldatuen %46,10k botoa emana zuen, 2023an baino 6,99 puntu gehiago. 18:00etan, berriz, 12 puntukoa zen aldea, %68,73ko parte hartzearekin; eta hauteslekuak itxi dituztenean, %79,55ean gelditu da. Hortaz, bozkatzeko aukera zuten 146.840 donostiarretatik joan dira, 2023an baino %9,45 gehiago.
