Egutegian egun bakarra du euskarak, eta 365 egun euskal hiztunen ahotan. Abenduaren 3an, euskararen aldeko aldarrikapenak ozenago entzun ohi dira, letra larriz idaztearekin batera. Donostian modu askotara ospatu izan da Euskararen Eguna, eta aurten bi urteurren ditu gogora ekartzeko.
Auzoetako euskara batzordeetako kideek egitarau mardula prestatu dute Euskararen Egunerako. Antolatutako jarduerekin hiriko txoko guztietara eraman nahi dute euskararen aldeko aldarria. Ez da urte erraza izan, ordea: beraiek ere nabaritu dute pandemiaren eragina, baina indartsu eta itxaropentsu daude etorkizunera begira.
Etxean bezala, inon ez. Hala dio esaerak, eta hori uste dute Donostiako AEK-n ere. Euskara praktikoan sakontzeko asmoz, ikasleek podcastak grabatzeari ekin diote. Mintzamena lantzeko eta harremanak sendotzeko balio duela uste dute Xabier Vazquez Eizmendi irakasleak eta Ander Lucas Vazquez ikasleak. Orain arteko saio guztiak iVoox plataforman daude entzungai.
Bagera elkarteak Donostian euskaraz bizi ahal izatea eta euskarari bizitza ematea ditu jomuga. Euskararen Egunaren harira, hiriaren egoera aztertu dugu elkartearekin. Azken garaian, elkarrekin egoteko espazioak galtzerakoan, hizkuntzak berak bere bizitasuna galdu duela diote : "Mugimendua berpiztu beharra dago".
Kirol entrenamenduetan euskara sustatzea du helburu KEES metodologiak. 2014an hasi ziren KEES metodologiarekin hiriko kirol klubetan eragiten. Aritz Olagoi da metodologiaren koordinatzailea.