Atzo hasi zen 22. Korrika Amurrion (Araba), eta hilaren 10ean bukatuko da Donostian, Euskal Herri osoa zeharkatuta eta 2.180 kilometro eginda. Euskaldunek hiru urte itxaron behar izan dituzte euskararen alde korrika egiteko, baina unea iritsi da.
Hurrengo asteko igandean Donostian biziko dena euskaltzale askoren lanaren emaitza izango da, besteak beste, AEK-ko Aitziber Otegiren eta Luix Intxausperen lanarena. Antolaketa nolakoa izan den kontatu dute, baita Korrika atzeratu izanak nola eragin duen aztertu ere.
Hilaren 10ean izango da programa, 11:30etik 13:00etara, Alderdi Ederretik zuzenean. Egun berean, hedabide honek Bidebietan hartuko du lekukoa HITZAkide batekin batera.
Donostiako Ur Kirolak taldeak Korrikako lekukoa hartuko du bere egoitzatik gertu.
Bidebietako Eltzegor euskal kultur elkarteak urtero erosten du Korrikako kilometro bat, baina aurten ohi baino zailagoa izan da dirua biltzea. Horregatik, janari-edari saskien zozketa bat egin dute auzoko hamar komertziorekin elkarlanean.
22. Korrika berezia izango da Altzan, berriki zendutako auzoko bi euskaltzale ezagun omenduko baitituzte. Horretarako, auzokide batzuen artean kilometro bat erosi dute, eta euskaltzaleen senideek hartuko dute lekukoa.