Iraileko txoroskopoa
CAPRICORNIUS:
Abenduaren 22tik urtarrilaren 19ra.
Txosnak, mendiak eta hondartzak. Denetik ikusi dugu zure Instagramean, ederki aspertzeraino. Utzi zulo distiratsua bakean eta egin kasu ingurukoei. #ZulodunSarea
AQUARIUS:
Urtarrilaren 20tik otsailaren 18ra.
Joko bat, galdera bat eta bi erantzun. Estropadetan Biltokian zeuden erantzunak, beste nonbaiten aurkituko dituzu. #PiztuPiztia #MuxuaOrdain
ZAPABURIUS:
Otsailaren 29tik 31ra.
Atzeraka salto eginez sartzen duzu burua uretan eta kolpez altxatu irteteko. Arnasa ur barruan hartuagatik kanpoan ere moldatzen zara, eguzki zein euri. #TodoTerrenoa
VIRGO:
Abuztuaren 23tik irailaren 22ra.
Hamaika kurtso eta ikastarotan eman duzu izena, egunean zehar bost alarma behar izateraino. Aukeratu pare bat eta eskaini denbora ingurukoei, zure agobioak aspertzen ditu eta. #EgunBatIkastaroBat
PISCIS:
Otsailaren 19tik martxoaren 20ra.
Iraila da urtearen benetako hasiera, udaran ereindakoa jasotzekoa. Ez itxoin Porrontxoak izan arren eta egin zure apustua, Irrikitaldia balitz lez. Gomendioa: erakutsi zure jokoa hasieratik. #Ordagoa
ARIES:
Martxoaren 21etik apirilaren 19ra.
Ez duzu akreditaziorik ez eta itxura gorde beharrik ere. Arte eraldatzaile eta modernoa, estetikoa eta lokatza. Dena da Zinemaldi Alternatiboa. Zatoz bokadillo eta latekin. #ZinemaldiAlternatiboa
TAURUS:
Apirilaren 20tik maiatzaren 20ra.
Konstantea zara, langilea, badakigu. Arnasa hartzea baimendu zure buruari, estimuluak atsegin dituzula badakigu eta. Porrontxoetan duzu erantzuna. #UsainduGiroa
GEMINI:
Maiatzaren 21etik ekainaren 22ra.
Ez zaio distira joan udarari oraindik. Atera zure xira luze beltza eta egin aurre euri, ekaitz eta edozeri. Berezkoa duzun horri gehitu purpurina pixka bat eta izar artean jarraituko duzu. #ArgiDuzu
CANCER:
Ekainaren 22tik uztailaren 22ra.
Futboleko afera kritikatu ordez, hobe duzu zure lagunen artean dituzun jarrerak eta komentarioak zainduko bazenitu, sasijakintsu hori. #Ixilikan
LEO:
Uztailaren 23tik abuztuaren 22ra.
Literatur zaletzat duzu zeure burua eta Instagramen ederki erakutsi duzu irakurtzen ari zarena, hondartza, itsaso eta guzti. Irakurtzea falta zaizu soilik. #IrakurriEtaEzErakutsi
LIBRA:
Irailaren 23tik urriaren 22ra.
Herenak eta hiru laurdenak, ordezkarguneak eta esleipenak. Irakasle ugari dituzu inguruan eta nazka-nazka eginda zaude beraiekin. Egin ihes haiengandik, ezinezkoa badirudi ere. #FueraFuera
ESKORPIUS:
Urriaren 23tik azaroaren 21era.
Irailean kirola egiteko hainbat ikastarotan eman duzu izena, baina horretarako prest zaude? Kultura eta kirola oreka bilatu, baina pasatu gabe: ikusi estropadak sagardo pixka batekin. #KrossFitEzEskerrikAsko
SAGITARIUS:
Azaroaren 22tik abenduaren 21era.
Jokatzeak bere saria du sarri. Trainerurik gabe, baina suziriak botatzeko moduan. Ziabogaz ziaboga bidea eginez itsas zabalean. #MareaOna #PikantePixkat