Martxoan, antolatu indarrak!
PISCIS
Otsailaren 19tik martxoaren 20ra.
Udaberriko uretan bikain moldatzen zaren ene berdel maitea! Iritsi da polenari aurre egin eta eskeletoa martxan jartzeko garaia! Zure senari jarraitu eta ez buelta askorik eman, korrontea zure alde duzu eta! Hori bai, kontuz zurrunbiloarekin: eta ez zaitzala harrapatu!
#PolenPosition #ZurrunbiloanZureBila
AQUARIUS
Urtarrilaren 20tik otsailaren 18ra.
Negu gozoa pasa arren hil egin zaizu amak oparitutako enegarren Aloea. Seinaleak ulertzen ez dituzunez, argituko dizut: zure buruan zentratu, baina ez gehiegi, neurrian, Aloeari ura botatzea bezala. Eman bueltatxo bat Uliatik edo hartu bermuta gustuko duzun tabernan, baina ez pasa asteburu osoa alkoholetan itota edo bizikletan gora eta behera Tourreko helikopteroa jarraika izango bazenu bezala. #Alo(n)eVera #NeurrianGerrian
ZAPABURIUS
Otsailaren 29tik 31ra.
Astea iganderako pankartak egiten pasatu duzu. Igandeko bazkari familiarra bertan behera uztea lortu duzu. Zu bai zu porrokatu feminista. Larunbateko sagardotegiarekin zer egin ez dakizula? Zoaz, lasai! Baina ez ahaztu txirringa dela Hernanitik itzultzeko garraiorik eraginkorrena. #SagardoaBaiBorrokaEreBai #Martxoak8 #AntolatuIndarrak
ARIES
Martxoaren 21etik apirilaren 19ra.
Egunean Behin-eko emaitzak zure eguna baldintzatzen du? Ordenagailu aurrean egoteak balio ez dizula ohartu zara? Zenbat borobil eta hiruki dauden ere ez duzu asmatzen? Lasai! Zure telazko poltsa eta Dr. Martens botek zure estatus intelektuala mantentzen jarraitzen dute. Gomendioa: profilean zure izena jarri beharrean ezizena jarri ezazu ezagutu ez zaitzaten. #neguanbehin #Sasijakintsu #VendeHumus
TAURUS
Apirilaren 20tik maiatzaren 20ra.
Lilatoian atera eta marka pertsonala egitera joan zara? Martxoaren 8an gizonen talde batean sartu eta feminista sentitzen zara? Parte hartzeaz gain, baduzu zer pentsatua egun solte hauetan, eta hobe duzu kanpora begira baino gehiago barrura begiratzea. Gomendioa: entzun eta irakurri pixka bat gehiago. #AzterketaPertsonala #Guayismoa
GEMINI
Maiatzaren 21etik ekainaren 22ra.
Donostiako kaleak hartuko dituen olatu morearen zain zaude. Aholkua: erraietatik antolatu eta borrokatzeko, buru-berokia eta purpurina ez ahaztu! Aurten grebarik egingo ez badugu ere, greba etxean, familian egunero egin dezakezula gogoan hartu. Antolatu mundu erdiak mundu osoa gera dezan! #AskeMaite
CANCER
Ekainaren 22tik uztailaren 22ra.
Urtea hasi besterik ez, eta dagoeneko leher eginda al zaude? Udaberriko oporren beharrez bazaude, hemen gomendio bi: koronabirusik hartu nahi ez baduzu, irten hemendik, alde egin, eta segi landa aldera, Maskarada ederrez gozatzera edo. #EtaUtzGaitzazuPakean
LEO
Uztailaren 23tik abuztuaren 22ra.
Donostiako irlaren gainean hegaka dauden hegaztiak, kaioak beharrean putre funtsak izatea, Realaren garaipenek baino gutxiago kezkatzen duen jendearekin amorratuta zaudela nabari zaizu. Alokairua ordaintzen laguntzeko udalak eskaintzen dituen malabarren tailerrean izen ematea da Ixiren gomendioa. #IxiBikaina #ILoveFuntsPutreak
VIRGO
Abuztuaren 23tik irailaren 22ra.
Erabakia hartzeko unea iritsi da. Zaldibar urruti egongo da, baina erraustegia? Nazkatuta beti batzuen desastreen mende egoteaz. Sistematik at! Zaborra nik sortu, zaborra nik kudeatu! Nola? Balkoian ORAINDIK birziklatzen ez duen bizilaguna izorratzeko konposta jartzean, esate baterako. #UstelUsainaDario
LIBRA
Irailaren 23tik urriaren 22ra.
Sagardozale amorratua ez, baina kupel arteko giroak ez du parekorik, ezta zeure poltsikoko zuloak ere. Hernaniarrek txiza usain nazkagarriarekin zer egin ez dakitela eta usaina orekatzeko errauskailua jarriko dute martxan Zubietan. #IntxaurAzalaOrganikora #TxizaKomunera
ESCORPIUS
Urriaren 23tik azaroaren 21era.
Azkenean lortu duzu martxoaren 8an greba deialdirik ez egotea: borroka bai, garagardoa ere bai. Iaz ezkutuan erosi zenituen garagardo latak; aurten, ordea, lotsa izpirik gabe joango zara garagardo fresko bila, igandean lanean diren emakume prekarizatuen dendetara. Erosiko dituzu gero gaueko hamarretan ogia, tomatea eta arrautzak, oraindik irekita jarraituko duten denda berdinetan. #BesokoMoreaSoinean #KapitalismoaGogoan
SAGITARIUS
Azaroaren 22tik abenduaren 21era.
Koronabirusak ez, baina erraustegiaren keak laster harrapatuko zaitu. Goiak Ttan Ttakun irratian egindako elkarrizketan honako gomendio hauek eman dizkio donostiarrari: utzi Zubieta eta zeure buruaren artean gutxienez metro bateko distantzia; eskolako leihoak itxi, baina lan egin, beharrezkoa izanez gero, telematikoki; sintomarik sentitzen baduzu, Diario Vascoren erraustegiaren ontasunei buruzko artikuluak sendatuko zaitu. #UstelakLurpera #BizitzaDaHandiena
CAPRICORNIUS
Abenduaren 22tik urtarrilaren 19ra.
Ibaetako jaietan erromeriaren erritmoan dantzan duzula ikusiko duzu han urrunean. Nor? Sorpresa. Hurbildu beregana, izan daiteke euri egunak gozatuko dizkizuna. Punta-puntako filmak edota dokumentalak, ez dizu axolarik zer ikusiko duzun harekin hemendik aurrera. #MartxoaNoCry #EuriTantaBanintz