Sinfinamendua
ARIES
Martxoaren 21etik apirilaren 19ra.
Aritua eta aditua zara zu. Hasieratik jakin duzu birus honek endredoak sortuko zizkigula. Bi hilabete daramate maskarek zure etxean: zuk hor pasatu beharko duzun denboraren bestekoa, baina beti eduki duzu esperantzatxoa, hegazkina hartu eta kanpora joatekoa… Aries maite hori, hurrengoan izan beharko da. #MaskarenAfera #HegazkinarenGalera
AQUARIUS
Urtarrilaren 20tik otsailaren 18ra.
Egunean behin desinstalatzen duzu Whatsappa eta berriro instalatu. Jada ez zara ezer bera gabe, ezta berarekin ere. Familiako taldean batezbestekoa bost mezu minutuko da; kuadrillan, hiru mezu minutuko, eta lankideen taldean hamar mezu segundoko. #Teletxorakeria #Telelokeria
PISCIS
Otsailaren 19tik martxoaren 20ra.
Onartzeko garaia iritsi da: Arima saldu diozu Googleri. Lagun talde bakoitzak taberna gustukoena zuen lehen. Orain, ordea, bideo deiak egiteko aplikazioen artean nork bere gustukoena du. Hamaika dira ia inoiz hitz egiten duzun jendearekin hitz egiteko deskargatu dituzun aplikazioak.
#EtaGeroKapitalismoarenKontraZaude #COVIDedoDEIA
ZAPABURIUS
Otsailaren 29tik 31ra.
Zapaburius maitea, asko dira gaurko egunean inbidiaz gogoratzen direnak zutaz. Baserrira joan zinenean kuadrillakoek barre egin zizuten. Otarrak banatzen hasi zinenean zilegitasun pixka bat irabazi zenuen familian. Orain, ordea, edonork salduko luke baita bere txakurra ere, baserri inguruan mendi buelta bat emateko.
#COVIDdeiakALDATZENariDIRA #BaserriCOVIDdea
TAURUS
Apirilaren 20tik maiatzaren 20ra.
Nola da posible? Ez al zegoen beste momenturik konfinamendu deialdirako? Bikotekide faltan harrapatu al nau etxeratzeak? Taurok, ordea, hankak beti ditu lurrean. Sormenaren aldi goren honetan, hamaika egiteko dituzu: erritmo berrietara moldatu zara, baita bestelako zirrietara ere.
#TeleXirri #XirriXorro #SormenZoro
GEMINI
Maiatzaren 21etik ekainaren 22ra.
Badirudi birus, izar, konstelazio eta unibertsoaren ordenamendu berria, garai berri eta indartsuagoetarako baldintzak sortzen ari dela. Norbanakotik has daitekeen iraultzarako baldintzak dira, agian? Lehenengo pauso hau ematetik has zaitezke: ile luze hori moztu, eta egiozu agur errituala.
#BadatorPurpurinaIraultza #Unibertsolariak
CANCER
Ekainaren 22tik uztailaren 22ra.
Nola esan? Zerbait egin behar baduzu, Amazonetik bizikletaren arrabol bat erostea baino zentzudunagoa den zerbait egin dezakezu, tontolapiko hori. Etxealdiak ez baitu ezgaitasuna esan nahi. Konfinamendu garairako 1. erronka: pentsatzen hasi. 2. erronka: zuhurtziaz jokatzen hasi. 3. erronka: asmatu!
#BetikoLeloaLelokerietan #GlovorekinKoarentenan
LEO
Uztailaren 23tik abuztuaren 22ra.
Asperdura duzu eta aspertu egiten dituzu aspergarrienak ere. Aspertuta zaudenean hasperen bat eginez konformatzen den hori bazara, oker zaudela esatera datoz lerro hauek. Krisia ezkutatzen duen asperdura baduzu, zorroztu zentzumenak eta gaitasunak. Konformismo apokaliptiko batekin txalo egitera irteten bazara, ez irten. Ez al dakizu?
#ElkarrekinIndartsuagoakGara
VIRGO
Abuztuaren 23tik irailaren 22ra.
Hamaika balkoi mota daude. Bada, zuri okerrena tokatu zaizu: balkoi txikienetan txikiena (tokatu ala hautatu?). Horretarako leihoa izatea nahiago! Ala beste zerbaiten behar eta esperoan zaude? Ez engainatu zeure burua, balkoi handienean ere ez baitizu eguzkiak miseria guzti hori argiztatuko.
#ShockDoktrina #ErrotikAldatu
LIBRA
Irailaren 23tik urriaren 22ra.
Esnatu. Pijama. Jan. Dutxa (dutxa, zer?).Txandala. Jan. Kirola. Pijama. Jan. Lo. Atzekoz aurrera berdin irakurri zenezake. Pijama eta txandala bereizi ezinak dira, eta ez dakizu bazkal ordua den, edo gosaltzen ari zaren. Laster egunez lo eta gauez egingo duzu bizitza. Etxean gelditzeko baldintza bikaina betetzen ari zara, baina noizbehinka pertsianak igo eta haize pixka bat hartzea ere ez dago gaizki!
#Mutazioa #TxandalaRikiRiki
ESCORPIUS
Urriaren 23tik azaroaren 21era.
Orain dela hiru hilabete bikotekidearekin joan zinen bizitzera etxe kuki batera. Dena bikain atondu zenuten… Akats bakarra: bakoitzarentzako espazio falta, alegia. Komunean aldizkariak izatetik ordenagailua kargatzekoa edukitzera pasatu zara, eta konturatzerako lanean ari zara handik. Gatazkatsua den espazioa aukeratu duzu, beraz hobe duzu zure txiringito guztia sukaldera eramatea.
#Covid-ea #Jobigea #UtziBakeanArren
SAGITARIUS
Azaroaren 22tik abenduaren 21era.
Zuk ere zure sormenerako bide sasitua garbitu eta gitarra zaharrari hautsa kendu diozu. Jo eta jo zabiltza zure bizilagunak erotzeraino, ez baituzu abesti oso bat dagokion tonuan jotzen. Hala ere, artista sentitzen zara eta horrelako egoeretan nork bere burua engainatzea oso garrantzitsua da, beraz, segi horrekin!
#TonuTaOstiyak #LarreBerdeakSoldOut
CAPRICORNIUS
Abenduaren 22tik urtarrilaren 19ra.
Obsesionatuta zaude kirola egitearekin (ona omen), eta abdominal eta flexioak goiz eta arratsalde egiten dituzu. Txirrindularitza lasterketak bertan behera gelditu diren honetan, balkoira arrabola ateratzea erabaki duzu eta telebistako helikopteroa ere etxe gainean jarri zaizu jarraipena egiten, daramazun erritmoarekin. Ikusi ezazu pelikularen bat bizkotxo eder batek lagunduta, erotu egingo zara eta!
#inFlexioPuntua #Pelikopteroa #HartuGymTonika