Urtarrileko Txoroskopoa
Patuaren naufrago eta etorkizunaren bilatzaile maitea, zure erreferente izateari utzi behar diot. Donostiar kaxkarin eta etorkizun gabeen mezuek antsietatea sortu didate, txarangazale amorratuek eta Irrikitaldiko lige galduek estresa eragin. Hori bai, Donostiako lokatzetan aurkituko nauzu, gomendio bat eskaintzeko prest, trago baten truke. Hemendik aurrera, Urdiñe Totorika Larrea lagunak iragarriko ditu zure desio behinenak.
Maitasun handiz,
Ixi Goianetxe Azpitarte
Aquarius: urtarrilaren 20tik otsailaren 18ra.
Eraiki dituzun harresi eder horiek eraitsi eta ensantxea egitea planteatu dizu baten batek. Jaso berri duzun mezu horri erantzuten badiozu, ez zara damutuko. Nork irekiko ditu ateak lehenago, Dokak ala zure bihotzak? #ProposamenLizunakOnartu
Zure kanta: Maite, nauzu zeharkatu, Verde Prato
Piscis: otsailaren 19tik martxoaren 20ra.
Urtarrila hilabete mugitua izango da. Aldaketek markatuko dute hilaren erritmoa eta momentu aproposa da garraio daramatzazun bizkarroiak bidean uzteko. Garrantzitsua izango da adi egotea moldatu ahal izateko eta zomorro askaezin horien tranpetan ez erortzeko. #GauzatxoakDatoz
Zure kanta: Hiru Damatxo, Merina Gris
Aries: martxoaren 21etik apirilaren 19ra.
Urduri zaude eta tripak dantzan dituzu. Entzun gorputzari eta eman lasaitu bat, ez da ezer gertatzen etxera joaten azkena ez bazara. Fomo gutxiago eta Jomo gehiago. Osakidetzako itxaron zerrendez aspertuta, naturopatara jo duzu. Ondorioz, ekonomikoki hilabete txarra datorkizu. #TxintxinTxintxinDiruFaltarenHotsa
Zure kanta: Mari Andresan Korotza, Oskorri
Taurus: apirilaren 20tik maiatzaren 20ra.
Urtarrila ez da hilabete ona izango behar dituzun erantzunak topatzeko, baina gauza bat ziurtatuko dizut: erantzun horiek ez daude liburuetan. 2025eko urtarrila kontu lurtarragoetan pasatzea komeni zaizu. Euskal dantzak ikasteko urte aproposa da 2025a! #BeranduBainoLehen
Zure kanta: Aristerrazu, Anjel Larrañaga Sudupe
Gemini: maiatzaren 21etik ekainaren 22ra.
Gezurra irudituko zaizun arren, goizeko bostak ez dira ordu egokiena zure ex-ari idazteko. Agian, urtarrila hilabete ona da hain beharrezkoak dituzun garbiketak egiteko, fisikoak eta emozionalak. Ahal dela, Benito Lertxundiren eredua jarraitu eta erretiratu zaitez. #HoriEz
Zure kanta: Gazte Sentimental, Benito Lertxundi
Cancer: ekainaren 22etik uztailaren 22ra.
Porrontxoetan egindako arrantzak ez dizu iraun negua pasatzeko adina. Rafaella Carrak zioenari jarraitu: uzten bazaituzte ez eman buelta gehiago, bilatu beste bat eta maitemindu horrekin. Antiguako jaiak eta sansebastianak dira zure momentua. #Arraste-arrantza
Zure kanta: Debako Martxa
Leo: uztailaren 23tik abuztuaren 22ra.
Polimaitasunean murgildu zara eta orain ez dakizu nola atera. Zure esperantza bakarra San Sebastiani kandela bat piztea izango da. Hori gaizki ateraz gero, burua danborraren barruan sartzea beste erremediorik ez duzu izango, tarero-tarero. #punpurunpunpunpunpun
Zure kanta: Basan, Olatz Salvador
Virgo: abuztuaren 23tik irailaren 22ra.
Badakigu teoria konspiratzaileetan erori zarela, baina, mesedez, ez kontatu miseria horiek etxetik kanpo, zuregatik ez bada, egin ezazu zure familiagatik. Zaletasun berri batekin hasteko urte paregabea izango da aurtengoa, eta, zu ezagututa, hau proposamena: txori behaketa. #TxioTxio
Zure kanta: Vesna Vulovic, Anari
Libra: irailaren 23tik urriaren 22ra.
Erabakitze prozesu betean zaude, bi bideren artean aukeratu beharko duzu. Donostiatik kanpora bizitzera behartua ikusten duzu zeure burua, baina inoiz tomate bat landatu ez baduzu zergatik uste duzu dela ideia ona Larraulen borda bat alokatzea? #KokatuZaitez
Zure kanta: Tomateak Gorantza, Erroka
Escorpius: urriaren 23tik azaroaren 21era.
Bai, norbait ezagutu duzu. Bai, jatorra da. Bai, gustuko duzu. Bai, berak ere gustuko zaituela esan dizu. SPOILER: dena gezurra da. Alde egin lehenbailehen, negua amaitzearekin batera desagertuko da. #EngaiatuGarete
Zure kanta: Agur Jaunak, herrikoia
Sagitarius: azaroaren 22tik abenduaren 21era.
30 urte beteko dituzu aurten… Autx! Badakizu, aisialdi mota aukeratzea dagokizu: zeramika, joskintza, triatloiak, eskalada edo igande goizetako bizikleta ibilaldiak. Seme-alabadun gizona bazara, azkena gomendatzen dizut, taldean erraz integratuko zara. #GazteaNintzen
Zure kanta: Infernua, Chuleria, joder!
Capricornius: abenduaren 22tik urtarrilaren 19ra.
Orain da zure garaia, Capricornius! Jendeak miretsi egingo zaitu eta energia berezi batek mugituko zaitu. Ekonomikoki hilabete oparoa izango da. Beraz, maite duzun hori afari batera gonbidatzeko garai aproposa da. #EmanTaZabalZazu
Zure kanta: Xamurtasun Erradikala, Nakar
Zapaburius: otsailaren 29tik 31ra.
Zapaburius maitea, utzi lana: ez dago sufritzen duzuna konpentsatuko duen dirurik. Nagusia soziopata da, ez zinen diagnostikatzera ausartzen, beraz, nik neuk diotsut, egin ihes zulo horretatik. 2025ak beste mila aukera ekarriko dizkizu. #TerapiaBaiGrebaEreBai
Zure kanta: Merezi Ote, Chill Mafia Records