Ahuntz talde batek Sagues bisitatu du
Irudi bitxi bezain polita utzi du goizak Saguesen: ahuntz talde bat Ulia menditik jaitsi da, eta Saguesko pasealekuan eta arroketan ibili dira. Twitterreko @probatxoa erabiltzaileak (Aiora) eman du ahuntzen bisitaren berri sare sozialera igotako argazkiekin.
Azaldu duenez, goizean han topatu ditu animaliak, bai itsasora doazen arroketan, baina baita pasealekuan eta petrilean ere, patioaren orduan Zubiri Manteo ikastetxeko ikasleak edo hara arratsaldea pasatzera joaten diren gazteak bailiran; garagardo lata baino ez zitzaien falta. Aiorak berak adierazi du Udaltzaingora bi aldiz deitu duela, baina bietan esan diotela hesiaren alde horretan bazeuden ez zegoela arazorik. Twitterretik ere galdetu dio Donostiako Udalari, eta “egoera konpontzeko” lanean ari direla erantzun du udalak. Hedabide honek udaleko iturriei ere galdetu die, baina horren berri ez dutela erantzun dute.
Konfinamenduan zehar, asko izan ziren hiria bere egin zuten animaliak. Orain ez dago konfinamendurik, baina, dirudienez, animali batzuek noizbehinka Donostia bisitatzen jarraitu nahi dute. Jarraian, Aiorak egindako argazkiekin osatutako irudi bilduma: