47. Bertso Eguna
Hilaren 30ean hartuko du Donostiak 47. Bertso Eguna; ohi bezala, egun osoko programa prestatu dute. Goizeko ekitaldia eguerdian hasiko da, 12:00etan. Oholtza gaineko saio berezia egingo dute Kursaal pareko Picachilla garagardotegian. Saio musikatua izango da: Ane Labaka, Maialen Lujanbio, Beñat Gaztelumendi eta Miren Amuriza ariko dira kantuan bat-batekoan, eta Rosi Lazkanok eta Nerea Elustondok bertso jarriak eskainiko dituzte. Emanaldia Estitxu Eizagirrek aurkeztuko du, eta saioan zehar klima aldaketak eragiteaz arduratuko dira Idurre Eskisabel eta Eñaut Asurabarrena, gitarraz musikatutako testuen bidez. Azken hauek Arkaitz Goikoetxea, eta Ainhoa Agirreazaldegiren laguntza izan dute gidoia eta gaiak lantzeko.
Arratsaldean, 18:00etan, hasiko da Kursaalean Bertso Eguneko ekitaldi nagusia. 10 bertsolari izango dira kantuan: Unai Iturriaga, Andoni Egaña, Oihana Iguaran, Etxahun Lekue, Fredi Paia, Xabier Terreros, Jon Maia, Oihana Bartra, Julio Soto eta Agin Laburu. Odei Barroso bertsolariaren 2zio taldea ere zuzenean ariko da. Bertsolariak antolatzailearen deia jasotzen duenetik oholtzan gaia entzunda kantuan hasi bitartean hartu beharreko erabakiak dira aurtengo ekitaldiaren helduleku. Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Eneko Lazkoz eta Urko Casado aritu dira ideia landu eta gaiak prestatzen.
Saio nagusiaren ostean afaria eta festa egingo dituzte Kursaalen. Emanaldi mamitsua izango da afalostean, eta 12 bertsolari izango dira kantuan: Amets Arzallus, Unai Mendizabal, Xabi Igoa, Onintza Enbeita, Alaia Martin, Eli Pagola, Maddalen Arzallus, Eneritz Artetxe, Iker Zubeldia, Jexux Mari Irazu eta Unai Agirre. Alaitz Rekondok gidatuko du saioa. Bat-bateko bertsoak eta prestatutakoak tartekatuko dira, eta horietako batzuk musikatuak izango dira.