'Fronteras'
Viktoria Eugenia Antzokiaren fatxada berritzeko lanak abiatu dituzte. (Argazkia: Inaxio Esnaola) Carolina Yuste eta Eneko Sagardoy protagonista dituen Fronteras antzezlana antzerki urgentea da. Eta urgentea izaten segituko du, itsasoak milaka migratzaileren hilobia izaten segitzen duen bitartean, ustezko aliatuak gertakarien bertsio ofizialerako “oztopoa” den kazetariaren hotela bonbardatzen duen bitartean, literatur lanen bat zentsuratu edo zinemagileren bat jazarria den bitartean, edo emakumezko aktore bat torturatu edo emakumezko irakasle bat burkapera behartzen den bitartean, edo jainkoaren, presidentearen, alderdiaren, buruzagiaren edo aitaren izenean, eta beldurrak eta interesak agintzen duten munduaren konplizitatearekin, ahotsak isilarazten diren bitartean.

