‘Antton Txaxaka’ren semea
Xabier Arzelus, idazlea
Hiritarren arteko ezin-ikusiak eta gorrotoak ez dira gaurko kontuak. VI. mendean Miguel Okendoren pertsonaiaren inguruan sortutako liskarrak hain izan ziren gogorrak non Jose Antonio Telletxea Idigoras idazle eta historialariak “donostiarren arteko gerra zibila” izan zela idatzi zuen, Otra cara de la Invencible. Participacion vasca bere liburuan . Donostiarrek Manteo izeneko baserri pobrean jaiotako Miguel Okendoren merituak aitortzen bazituzten ere –itsasgizon eta merkatari bezala ez bait zuen parerik–, hiritar askok begi txarrez ikusten zuten gure pertsonaia. Zergatia: 1582 urtean sortutako arazo batean Okendok hartu zuen jarrera. Portugal bereganatu berri zuen Felipe II.ak ingelesak zein frantsesak Azores Irletatik aldendu nahi zituela-eta, aipatu erregeak armada osatzeko agindua eman zuen eta, noski, Gipuzkoako kostaldean ere itsas-gerra hartarako behar zituen itsasontziak eta gizonak biltzeko agindu zorrotza eman zuen. Donostian –eta gure kostaldeko beste portutan– oso gaizki hartu zuten erregearen agindua, eta donostiarrak matxinatu egin ziren. Okendo, ordea, Felipe II.aren agindutara makurtu, eta bere hirilagunak nahitaez eta indarrez ontziratzeari ekin zion. Kontuan izan behar dugu modu hartako erreklutatzeek diru galera izugarriak sortzen zituztela gure kostaldean, batez ere, portuak arrantzalerik gabe uzten zituelako. Azores Irletako aipatu kanpainan, esaterako, Gipuzkoak hamar itsasontzi eta 584 gizon jarri behar izan zituen azkenik –sei urte geroago prestatutako Armada Gaindiezinerako, Gipuzkoak Armada osoko ehuneko hamarra jarri behar izan zituen: 14 ontzi eta 700en bat gizon –hauetako 500 hil egin ziren, hauen artean, 127 donostiar–. Azoresetako itsas-guduan sekulako arrakasta lortu zuten Felipe II.aren gizonek eta Miguel Okendok eginiko borroka hain izan zen bikaina, non erregea bera Lisboara bidaiatu eta pertsonalki zoriondu zuen itsasgizon donostiarra, baita ere Santiagoko Ordena izeneko ohore handia hartzeko proposatu eta, berehala, ere bi ordezkari bidali zituen Donostiara, Ordena hartzeko behar ziren baldintzak Okendok betetzen zituen ala ez begiratzeko. Eta momentu horretan hasi ziren komeriak. Donostian, berehala ikusi zuten erregearen ordezkariek Okendoren inguruko giroa oso nahasia zegoela. Matxinadan sortutako ezinikusiak pil-pilean zirauten eta Okendoren kontrakoek bat egin zuten honen aurka, Juan Lope Agirre legegizona buru zutelarik. Santiagoko Ordena hartzeko baldintzak ez ziren nolanahikoa. Hauetako batek, esaterako, hautagaia leinu “noblekoa” izatea exijitzen zuen. Okendoren aurkakoek laster azpimarratu zuten Okendo “baserri miserable” batean jaio zela, eta bere aita Donostian Antton Txaxaka goitizenaz ezaguna zen “bere emaztearen lepora” eta “ohitura txarretako soka-egile mozkor” baten semea zela. Gainera, Miguel Okendo merkataritzan eta «eskuak zikintzen zituzten» lanetan ibilia zela adierazi zuten. Okendoren aldekoek, ordea, hautagairen zintzotasuna defendatu zuten. Are gehiago: Gipuzkoa bezain “lurralde pobrean”, egoera gainditzeko bide bakarra lan egitea zenez Okendoren lan curriculumak ez zuela honen “ohorerik” zikintzen azpimarratu zuten, lan egitea Gaztelan antza gaizki ikusten bazuten ere. Oso bide luze baten ondoren, Felipe II.ak Santiagoko Ordena eman zion Antton Txaxakaren semeari, bere zerbitzari leialaren aurkako salaketak alde batera utziaz. Sei urte geroago, Armada Gaindiezinaren hondamendian onenak eman ondoren, Miguel Okendo Pasaian hil zen, bere ontziko bolborak eztanda egiterakoan sufritutako zaurien ondorioz.

