136 milioi arrazoi, eta gehiago
Gertu da nazioartean beganismoaren eguntzat hartzen den eguna, azaroaren 1a. Beganismoa posizio politiko antiespezista baten ondorioa besterik ez da, eta hori nahi izan genuen azpimarratu orain dela lau urte Bilbon: espezismoa dela arazoa, eta animalien askapena genuela helburu. Euskal Herri mailako lehen manifestazio antiespezistara deitu genuen 2018an beste eragile antiespezistekin batera, eta orain aldarria Donostiara ekarriko dugu.
Norbanakotik egiturara eta egituratik norbanakora doan arazoa da espezismoa. Egun munduko animalien gehiengoa gizakien menpe dagoela islatu dute ikerketa desberdinek: munduko ugaztunen %36 gara gizakiak, eta %60, esplotatutako behi, txerri edo beste ugaztunak. Hegaztien kasuan, %70 daude gizakien esplotaziopean. Honek esan nahi du 50 mila milioi oilo hiltzen direla jateko urtean, 136 milioi egunean.
Zenbakietatik haratago honek norbanakoetan du eragina. Forma eta modu desberdinetan esplotaziopean dauden animalien interesak eta gorpuak mugatu egiten dira etekin posible handienaren bila, eta ondorioz, haien askatasuna urratu. Oiloak, adibidez, espazio mugatu batean jaiotzen dira, toki beste oilorekin batera, eta bizitza osoan zehar izango duten janari eta estimulu bakarra pentsua izango da. Jaki honek haien gorpuak ahalik eta azkarren eta ahalik eta handien haztera behartuko ditu. 42 egun betetzen dituztenean, esplotatzaileentzat etekin handieneko unean, hiltegira eramango dituztelarik. Bertan, buruz behera zintzilikatu dituzte, ur elektrifikatuan sartu eta azkenik lepoa zulatuko diete. 136 milioi aldiz gertatzen da hau egunean.
136 milioi izan zitezkeen azaroren 1eko protestara batzeko arrazoiak, baina askoz gehiago dira. Animalien esplotazioa eta menderakuntza da salatu nahi duguna, hau normalizatu eta ahalbidetzen duen sistema ezbaian jarri eta espezie diskriminaziorik gabe, gizakion etekinak gainontzeko animalien interesen gainetik egongo ez diren mundu berri bat aldarrikatu.
Militante antiespezistok urteak daramatzagu gure ideiak zabaldu eta animaliak defendatzen, eta orain denon indarrak batzea ezinbestekoa da. Urtez urte gure aldarria gero eta gehiago entzuten joan bada ere, oraindik gizakiz besteko animaliek gure elkartasuna eta indarra behar dute. Kaleetara eraman behar dugu aldarria: ez dugula kaiolik ez katerik nahi, ez soka ez sarerik, ez hesi ez barroterik, ez hiltegi, ezta abeletxerik ere. Ez dugu esplotazio baldintza hoberik eskatzen. Askatasuna nahi dugu animalia guztientzat, Animalien Askapena.