20 urte hautsak harrotzen
Unai Gaztelumendi, bertsolaria
Kanpotik kolore grisez jantzitako tokia dirudi. Fabrika, errepidea, amaituko ez direla ematen duten obrak… Ondo ulertzen ditut Añorga erakargarria ez dela esaten didatenak. Biztanle askok ere bertan lo bakarrik egiten du, hortik atera kontuak. Hautsak hartuta dago auzoa. Gazteok ere ez dugu aukera handirik gure aisialdia bertan aurrera eramateko. Horretaz aspaldi jabetu zen gazteria, eta aurten beteko dira 20 urte gazte asanblada sortu eta añorgatarroi aisialdi alternatiboa eskaintzen hasi zenetik. Asko estimatzen ditut orain dela bi hamarkada lanerako erabakia hartu zutenak. Ezin zelako egon garai hartan zer emango eta eskainiko ziguten Donostiara begira. Antolatzea zen onena. Guri nahiko erraza egin zitzaigun martxan zen dinamika batean sartzea. Beraiek, berriz, hutsetik hasi ziren, horrek dauka meritua. Ez dut imajinatzen gazte asanblada gabeko Añorgarik. Funtzio garrantzitsua du. Askok leporatu izan digute alferrak garela gazteak, pasiboak, gure lokalean orduak pasatzen ditugula ezer egin gabe. Kanpotik kritikatzea erraza da, eta jendeak beti hitz egin behar du, nahiz eta zertaz ari den ideia askorik ez izan. Alferrak izango gara, pasiboak ere bai, eta bai, egia da orduak pasatzen ditugula lokalean. Baina gazte asanbladarik izango ez balitz, ea zein eskaintza izango zuen gure auzoak gazteentzat. Zenbat kontzertu egingo ziren? Nork antolatuko zituen? Eta gu? Non ibiliko ginen gure denbora librean? Donostiara, Hernanira, Lasartera… joango ginen. Gazteok elkarrekin harremanik ere ez dakit izango genuen, bakoitza bere koadrilarekin joango zen kanpora. Eta bertan lo bakarrik egiten badugu nola sentituko gara bertako. Eta gazteok ez bagara añorgatar sentitzen, etorkizunean nork egingo du lan auzoaren alde? Nork hartuko du kultur eta kirol elkartean lanean aritzeko konpromisoa? Honekin esan nahi dudana, gazte asanbladak duen funtzioa kontzertuak edo festak antolatzea baino askoz gehiago dela da. Etorkizuna bermatzen dio auzoari. Orain ospakizun garaia da. Hilabete bat dugu guretzat, gozatzeko, aurreko larunbatetik azaroaren 5eko kontzertura. Merezi dugu eta merezi dute 20 urte hauetan lanean aritu diren denek. Zorionak!