?
Inoiz baino handiagoa, beltzagoa eta lodiagoa da ikasturte hasiera honetako galdera ikurra. Eskola, institutu, lantoki, bulego eta etxeetan. Kaleetan. Ezjakintasunak hartu gaitu azken hilabeteotan eta horrek sortu ditu kezka, beldur zein segurtasun gabeziak. Horiek, gainera, gure jarrera etengabe epaitzeko ohitura hartzera ere eraman gaituzte: egiten badugu, egiten dugulako; eta egiten ez badugu, egiten ez dugulako. Galdera ikur handi, beltz eta lodiak gure buruetan. Artikulu, albiste, eta elkarrizketetan.
Uda honetan bidaiatzea errealitatetik urruntzen saiatzea izan da. Deskonektatzea. Telebista, irrati eta teknologietatik kanpo bizitzea. Eta garesti ez dakit, baina zeinen zaila bidaia hori egin ahal izatea. Lortuko zuen baten batek agian. Niri zaila egin zait. Eta joan naiz kanpora, eta galdu naiz fikzioetan, eta lainoak ere ukitu ditut hatz puntekin mendi tontorretan. Baina pauso bakoitza neurtuz sumatu dut neure burua, tentuz, eskuak etengabe garbituz, neure burua etengabeko arau berrietara ohitzera behartuz. Arraroa izan da dena. Baina bidaiatzeko aukera izate hutsa izan dugu arnasgune, eta ezin horretaz kexa galdera ikurrek jarraitu bagaituzte ere.
Iraila ere iritsi da, eta honetara ere moldatuko gara. Beharko. Urtarrila baino hasieragoa izaten dut beti iraila, –ikasturte berriak urteak baino berriagoak izan ohi dira i(ra)kasleontzat– eta agian, «urte» berrirako helburu eta asmoak zerrendatzea egokituko litzaidake orain. Baina nola, askok muga edukiko badu? Nola, helburu horietarako baldintzak oraindik ere, –sei hilabeteren ostean, eta bi hilabeteko «oporren» ondoren- diseinatu ez badituzte? Nola, ezarri dituztenak –esaterako, 1,5 metroko distantziak zein gelatan bete litezke?– errealitatearekin zerikusirik ez badute?
Gure esku dagoena betetzen ari gara gehienok, zorrotz, lanak, aisialdi une eta besarkadak bertan behera uzteraino. Trukean, baina, errieta, azalpen zentzugabe, eta kontraesanak. Mundu paralelo baterako aholkuak. Proposamenik gabeko proposamenak. Goitik behera, behekoen errealitatea ezagutu gabe, aritzearen aferak. Beste behin ere.
Ordenagailua pizterakoan zin egin diot neure buruari ez nuela gaiaz hitz egingo. Baina galdera ikurrak hain dira beltz, handi eta lodi, hitzak eta ideiak ere ikur bihurtu zaizkidala. (K)alanbreetan bizitzera ohituta bageunden lehen ere, baina hegoak galdera ikur bihurtu zaizkigu orain.