Agurtzane Altuna.
Norbaitek idazten duen momentutik, historia ez da osoa. Liburuek, testigantzek, dokumentuek bideak irekitzen dituzte. Baina mendi tontor batera igotzeko mila bide egon daitezkeen bezala, historiaren ezagutza ere oparoagoa izango da bide gehiago egin heinean.
Aski ezagunak ditugu Paleolitoa, Harri Aroa, lehen izakia, industrializazioa…beti abiapuntu bera. Eta ikasturtearen hasiera izaki, sakonen lantzen ziren gaiak izan ohi ziren gainera. Baina hilabeteak aurrera, burua gero eta beteagoa, hutsalagoa gogoa. Eta 512. orrialdetik aurrera 1936ko gerra, frankismoa, euskal estatutuak, ETAren sorrera… Sekula ez ginen garaiz iristen 512. orrialdera.
Aguas andereñoa izan nuen salbuespen institutu garaian: “Historia ez da liburu bakar batean kabitzen; beraz, atera orri zuriak eta hasi apunteak hartzen”. 512. orrialdearen muga eta erreferentzia galduta, istorioen bidez erakusten zigun historia Aguas andereñoak sarri; industrializazioa ahaztu gabe, noski.
Historiako eskolak atzetik aurrera hasi beharko lituzkete, geurea, etxekoa, auzokoa ikasten delako azkena, besterena garrantzitsuagoa delakoan. Galdetu bestela Nafarroa aldean. Euskarazko 22 liburu erretiratu dituzte Euskal Herriko mapa agertzen delako. Nafarroako historia sakonago landu behar omen da. Hobe litzateke bai; baina hori ere 512. orrialdetik aurrera ageri da nonbait.
Aguas andereñoaren metodologia lehenetsi beharko litzateke, Donostiako oroimen historikoaren ibilbideetan bezala. Liburuetan ikasi gabeak entzun nituen bertan, halabeharrez. Testigantza zuzenak. Bi belaunaldi igaro arren, begiak umelduta kontatzen diren horietakoak.
Ikuspegi zabal batekin irakurri, ikasi, xurgatu behar genuke historia, argi izanik sekula ez dugula guztiz ezagutuko. Zeruko izarrak kontatzen hasi eta sekula amaituko ez dugun bezala. Noizean behin izarrei begira jartzea aski litzateke baina… Bost urteko semea lehen izakiaren bizimodua kontatzen hasi zitzaidan aurrekoan. “Ño, 512. orrialdera iristeko garaiz gabiltza”, nere artean.