'Luxua... eta lasaitasuna'
Aritz Sorzabal, kazetaria.
Joan den astean, kirol sailean argitaratutako albiste batean, futbolari izatea luxua dela aipatzen nuen. Hain zuzen ere, Lehen Mailako futbolariak diren neurrian, Realeko jokalariek ez dutela soldata txikia irabazten esan nuen; gustukua duten kirol batengatik dirua jasotzen dutela, gainera, beste langileekin alderatuta, lan ordu gutxiago beteta. Han eta hemen ospea eta gizartearen begirunea jasotzeagatik ere pozik egon beharko luketela nioen. Kontua da gauza bat eranstea ahaztu zitzaidala. Hain zuzen ere, Lehen Mailako klub handienetako jokalarien aldean, hauek aberatsagoak, ederragoak eta ospetsuagoak izan arren –Real Madrileko jokalari Cristiano Ronaldok esanda–, zorionekoak direla esan dezakete Realeko jokalariek; luxuaz gain, lasaitasuna dute eta.
Horixe pentsatu nuen atzo, egunero bezala, nire iloba ikastolara eraman nuenean. Hain justu, eskola bidean, David Zurutuzarekin gurutzatu nintzen Irungo kaleetan. Zakurra alboan, erdilari txuri-urdina goiztiar zebilen, entrenamendu saioa baitzuen bi ordu geroago Zubietan. Futbolari dotorea, izaera apalekoa eta Euskal Herrian ezaguna da Zurutuza; bada, lasai antzean zebilen paseoan, inork enbarazurik egin gabe, edozein herritar anonimo bezala.
Cristiano Ronaldok, Messik eta enparauek inbidia izango lukete eszena hori ikusiz gero. Izan ere, Real Madril edo Bartzelonako jokalariek dirutza irabaziko dute, bai, baina ziur nago kontratuaren zati bat atsegin handiz bideratuko luketela lasaitasun hori erosteko.

