Aritz Sorzabal: 'Lehoien artean, heroi'
Aritz Sorzabal, kazetaria.
Realak zale txuri-urdin baikorrenek amestutakoa egia bihurtu zuen joan den ostiralean, eta Athletici errepaso galanta emanda esan zion adio San Mames futbol zelaiari. Agurrean, egur. Bilboko katedrala errauts bihurtzeko atarian da, Atotxarekin gertatu bezala, baina azken derbiaren oroitzapena zaleen gogoan geratuko da betirako. Aztarna hoberena horixe izango da. Oroitzapenei buruz ari garela, ez dago zalantzarik Realaren bi Ligak eskuratu zituen talde txapelduna dela jarraitzaile donostiarren memorian arrasto gehien utzi duena. Lekukotasunak eta bizipenak baino harago, fisikoki ere utzi du ondarea. Sarrera zaharrak, kamisetak, posterrak… eta, nola ez, Kutxak ateratako erretilu mitikoak. Hain justu, nostalgiak jota, Realak San Mamesen irabazi eta gero, erretilu horiek burura etorri zaizkit egunotan; Molinongo heroiak, alegia. Arkonada, Zelaieta, Gorriz, Kortabarria, Olaizola, Diego, Alonso, Zamora, Idigoras, Satrustegi eta Lopez Ufarte. Ormaetxea, buru. Bilbon irabazita, Txapeldunen Ligarako txartela eskuratuta ere, gaur egun ezinezkoa ikusten dut 1980. hamarkada hasierakoek egin zutena oraingoek errepikatzea. Garaikurrak garaikur, erretiluren bat eskaintzeko tamainako balentriarik egin ez duten arren, San Mameseko heroiek lerro hauetan euren izena gordeta geratzea merezi dute. Bravo, Carlos Martinez, Mikel Gonzalez, Iñigo Martinez, De la Bella, Markel Bergara, Illarramendi (Pardo), Xabi Prieto, Chory Castro (Zurutuza), Griezmann eta Agirretxe (Vela). Montanier, buru.


