Abenduak 3: euskaldunon, Euskal Herriaren, eguna?
Gaurko eguna garrantzitsua da euskaltzaleontzat. Galdetu zidatenean Irutxulokoek ea idatziko ote nuen gaurko alerako iritzi artikulua, zalantza egin nuen: gai izango ote naiz taxuzko ezer idazteko, ezer berririk esateko Euskararen Egunaren, egoeraren, etorkizunaren aurrean?
Baiezkoa eman nien, neureganatzen nuen ardurari buelta gehiegi eman gabe. 2.200 karaktere gehienera, ezkorregia ez izateko eskaera, egungo egoeraz oso kezkatua eta kritikoa naizela jakitun. Berehala hasi zitzaidan burua lanean. Euskararen (objektuaren) Eguna ala euskaldunon (subjektuaren), Euskal Herriaren Eguna? Ospatzeko ala aldarrikatzeko eguna? Zeri eman lehentasuna? Zer ospatua egongo da, baina ez dut uste une honetan ospakizun handietarako gaudenik.
Euskara hilda balego ere, agian Euskararen Eguna ospatuko genuke. Aspaldian izan zen hizkuntza bat lurralde honetan… eta ulertuko ez genituen bertso edo ahapaldiren batzuk irakurriko genituzke, edo abestiren bat kantatu, edo zenbaiten abizenen esanahi bitxia aipatuko genuke. Baina euskara bizirik da, gugan da, euskaldunongan dago. Gu gara euskara. Xamarren hitzetan, gu gara euskara jendea. Batzuengan bizi-bizi da, euskahaldundua, beste batzuengan ahul edo oso ahul. Ziurrenik, buruan zebilzkidan oraindik Amets Arzallusen hitzen oihartzuna, ETB1en Euskal Herriaren egoeraz galdetu ziotenean, Xilabako bertsolari txapelketa irabazi ondoren. Gogoan duzue? Bete-beteko erantzuna berea.
Une honetan, Euskararen/euskaldunon Eguna euskaraz bizitzeko dugun eskubidea aldarrikatzeko eguna behar luke, batez ere. Frantziak eta Espainiak mendeetan ukatu eta, egun ere, ukatzen diguten eskubidea aldarrikatzeko eguna. Euren lege eta epaitegiekin hegoak ebakitzen dizkigute behin eta berriz. Eurek eraikitako kaioletan nahi gaituzte, eta alde egingo dugun beldurrez, hegoaldekoon kasuan, hankak ondo lotuta, kate motz eta astuna den Espainiako Konstituzioarekin.
Ez da, bada, egun txarra gaurkoa, kate motz eta astunaz nola libratu pentsatzen hasteko; gure hegoak zabalduz eta astinduz, euskaraz noranahikoak garela sinesten hasteko; eta, gure askatasuna eta euskaltasuna ozen aldarrikatzeko.
Gaurko egunean gaurkoa, eta, ondoren, 365.