Entzule bakoitzaren belarrietan, esanahi bana hartzen dute abestiek. Batek daki, ordea, zein istorio gordetzen dituen idazlearen eskuak. Behin ozen kantatuta, ezkutukoa loratu eta nork bere buruan, bere modura, interpretatzen ditu. Bizipen gogor, huts edota ikaragarrienetik abesti ederra sortzea sendagaia da.
Nik sekretu pila airatu ditut kantetan, barneak, askatzeko, musikatzeko eskatzen zidan-eta. Partekatutako sekretuez ari naiz; izan ere, aitortzea kosta egiten zaidan arren, abesti asko norbaiti eskainiak direlako. Aurrez aurre esatera ausartu ez nintzen horri akordeek eman zioten babesa.
Pentsa, zuri ere abesti bat idatzi nizun. Letrek zure esentzia dute. Hizki bakoitzak hartzen du zure irria, hitz bakarrak bizi izan genuen urria, bertsoek izaren azpian sortutako aberria eta estrofa orok gehiagorako egarria. Bi aste edo lau hilabete horiek nire gitarraren estalpean daude betirako. Ohartuko zinen honezkero.
Bizi izan genuen hartatik kanta bat jaio zen, eta hori da zuk niri eskaini zeniezadakeen oparirik zoragarriena. Orain, baina, beste bati kantatzen diot zure alboan igarotakoa. Orain beste edonork entzun dezake istorioa. Jadanik gure arteko hura ez da zure kanta. Sabeletik bota nuenetik nork berea egin dezake, horixe baita musikaren magia: ez duela zentzu bakarra. Hemendik aurrera, aditzen duenak erabaki dezala zer dioten letrek, norberari sentiarazten diona baino esanahi egiazkoagorik ez dago-eta.