Abiadura handiko kultura
Jon Markel Ormazabal, musikaria
Esan beharrik ez dago, are gutxiago iritzi hau irakurtzeko tartea egin baduzu. Abiaduraren diktaduran bizi gaituzte. Aspaldikoa da denboran bizi baino, denborak berak bizi gaituela, eta, halakorik irakurtzeko denbora egin duzun horrek, jakin ezazu galtzear den espezie bateko kidea zarela. Bizimodu “modernoa” deskribatzeko, denboraren urritasuna, falta, aipatu ohi da, aukeretan osoa eta estimuluetan aberats omen dela esatearekin batera. Egiteke gauza gehiago daude egiteko denbora baino, eta erloju mekanikoarekin langilea denborarik gabe geratu zen bezala, erloju digitalarekin kontsumitzaileak ere astirik gabe geratu gara. Informazioaren gainkarga eta ordutegiari ematen zaion gehiegizko garrantzia, horiexek bizimoduarekiko kexak. Ahopeko kexak. Jenialtzat dugu geure burua, informazio piloa kudeatzen dugun ustea dugulako. Baina bigarren edo hirugarren eskukoak diren gure iritziak gure jakituriak baino zabalagoak dira. Estereotipoekin bizi gara, eta ez erakutsi gai beraren bi alderdiak, informazioa ehundu beharrak larritu egiten baikaitu. Zubietako errauste planta “aukera bakarra” dela berretsi dute Olanok eta Carlosek. Hau da, Markel eta Ormazabalek. Aukeran nahiago ahaldun nagusi eta Garapen Iraunkorreko (!?) diputatu esatea. Aukera bakarren sehaskan sakonagoa da loa. Komunikabideek jadanik esleituriko mundua ekartzen digute etxera, telebistan agertzen ez dena apenas gertatu da, eta ustez zoriontsuagoak gara hiper-errealitate horretan. Infoxikazioa. Espainiako hondakinen legeak ez du behartuko zabor organikoa bereiztera. Denbora aurrezteko, akaso? Intoxikazioa. Etengabeko mugimenduan gauden irudipena dugu, batere mugitzen ez garen arren. Mundua hor aldamenean gure esku dagoela sinesten dugu, autopistaz haraindi ziztu bizian badoakigu ere. Eta iraina zaigu 110eko abiadura muga. Biribilguneetan biraka jarraitzen dugu eta ez dugu arazo publiko eta politikoez arduratzeko astirik. Bitartean, mandatarien “presazko” erabakiak, ordain-saririk gabeko errepideetan arrapaladan dabiltza. Onura ekonomikoen presak bultzatu zituen munduan Fukushimak zabaltzea, eta onura berberak txikituko du Zubieta. Ez da moratoriarik onartzen. Eta abiaduraz mintzo, ona, oso ona AHT-a Tabakaleraren barrunbeetan sartzearen asmoa. Horra zibilizazioaren eta Donostiako hiri ereduaren paradigma. Abiadura Handiko Kultura, “erabili eta bota”ren kultura ere bada. Iraultza informatikoak erabateko bihurtu du lastertasuna, dena egiten da azkar eta eraginkortasunez, eta eguneko albistegiak ahaztuarazi egiten du bezperakoa. Politika momentuko arazoei ahalik eta irtenbide arinena ematean bilakatu da eta ziklo elektoralek markatzen dute plangintza. Dena dator eta doa arrapaladan. Gure buruak arin dabiltza biraka, zentrifugatzaileak alferrikakoa besterik ez duela zirrimarratzen ohartu gabe. Gora abiadura eta diputatu akrobatak, anfetamina eta asteetako kontratu laboralak, zinegotzi magoak eta iraupen gutxiko modak, hiru eguneko turismo-aldiak eta diskotekak! Eta galtzontzilo zikinak ezkutatzeko gorbata dotoreak janzten dituzten mandatariak goraka eta bibaka. Sakatu bolazta. Hauteskundeez haraindikoa da politika.