Agurtzane Altuna: 'Elkarbizitza?'
Unai eta Jonen artean lekutxo bat eman didate oraingoan; ohorea da niretzat, ez pentsa! Mikel, Kepa, Andoni, Alvaro, beti barrezka egoten den bibotedun beltzarana, berandu etorri eta aurreneko muturrean jartzen den lotsagabea, Josu, Gorka eta Xabiren argazki makinen flashak ere gertu sentitu ohi ditut sarri. Atzo, adibidez, alkateen Nazioarteko Konferentziaren harrera ekitaldian.
Proportzioak neurtzen hasita, gizonen lana dirudi teknikariena, baina antzeko irrifar behartuak atera genituen denok.
Aieten ikusitakoaren arabera, alkateena ere gizonen lana izango da nonbait. Hala ere, kamera beti prest, badaezpada. Hara, han dator emakume bat; ez, hura laguntzailea da. Ea hurrengo hau; ez, hau itzultzailea, hura aholkularia, eta atzetik datorrena prentsa arduraduna. Bakea eraikitzeko itxurazko ekarpenik egin dezakeen emakumerik ez da izango nonbait munduan.
Izan ere, bakea eta elkarbizitza lortzeko munduko alkate, ordezkari eta adituak jarri dituzte hausnarrean. Lan asko omen dago egiteko eta denok jarri behar omen dugu geure aletxoa.
Lan asko dago egiteko bai. Baina inola ere ez nuke nahi atzo Aieteko Bakearen Etxean ikusitakoa, bizitakoa, etorkizuneko elkarbizitzaren ispilu izaterik.