(Iritziak) Ainhoa Esteban: "Lan handia dago egiteko, baina zailena lortu dugu"
Gipuzkoako Aldundiak eman du eguerdian Igeldo herri izendatzeko erabakiaren berri, eta hainbat herritar desanexioa ospatzeko eta topa egiteko elkartu dira herriko plazan. IRUTXULOKO HITZAk zenbait igeldotarrekin hitz egiteko aukera izan du.
Ainhoa Esteban, igeldotarra
“Albistea Twitter-en eta egunkarietan ikusi dugunean, WhatsApp eta Facebook bidez abisatu diegu herritarrei. Gainera, Igeldon zehar megafono bat zeraman auto batek berria eman die bizilagunei. Hainbeste urteren ostean, pozik gaude. Lan handia dago egiteko, baina zailena lortu dugu, baiezkoa eman digute eta orain aurrera begiratu behar dugu”.
Jasone Urruzola, igeldotarra
“Bat-batean harrapatu gaitu, baina oso pozik gaude. Ospatzetik hasiko gara, baina bidea luzea izango da; bihartik aurrera zerotik hasi beharko dugu eta”.
Mireia Mochales, donostiarra
“Ni donostiarra naiz eta ideiarik ere ez neukan. Hala ere, ilusioz hartu dut albistea. Azken batean, beraien erabakia da”.
Ander Zubeldia, igeldotarra
“Herriko jende askorentzat egun handia da. Ia hogei urte ondoren lortu dugu. Bihartik aurrerakoa ez da erraza izango, Donostian zailtasunak jarriko dizkigutelako, baina momentuz garrantzitsuena da gu udalerri bihurtu garela”.