Aitortza txiki bat txingurriei
Amonaren kolega batekin hartu dut kafea, Oquendo tabernan. Turistafobo deklaratua da, saldoka argazkiak ateratzen dabiltzanean erditik pasatu ohi da batzuetan. «Qué chabacano» dio ahapeka, Sarriegiren estatuaren parean Donostiako Martxa abesten ikusten dituenean. Egun, SOS Arrazakerian dabil. Ikusiko zenuen akaso, Martxoaren 8an, Palestinaren aldeko manifan edo turistifikazioaren aurkakoan, baina ezagutu ere ez. Bizi oso bat, bizi luze bat du Parte Zaharrean. Bertan sortua, ordundik eta egun ere hemen bizi da. Mariaje du izena (asmatutako izena). Kontatu dituenak efemeride soilak baino gehiago dira.
Militantea izan da eta da, nahiz eta adina horretan ere ez den debalde pasatzen. «Pena da, baina apur bat deskonektatuta sentitzen naiz». Elizarena izan zen gazte militante askoren lehen aterpea (Jóvenes antifranquistas 1965-1975). Halaxe ere Mariajeren kasuan, San Vicenten, klase kontzientzia ondu ahala fedea galdu bazuen ere. «Dena arrazoitzen hasten zara eta, azkenean, fedea joaten zaizu. A ze pakea hartu nuena sinisteari utzi nionean». Euskadiko Mugimendu Komunistara (EMK) egin zuen jauzi. Artean klandestinitatea zela eta, ez zekien seguru gerora lagun eta kide izango zituen asko bertan zebiltzala. Parte Zaharrean haurtzaindegi baten premia aldarrikatzeko mugimenduan elkartu ziren.
Mugimendu horren pean erein zen gerora Auzoak bizilagun elkartea izango zenaren kimua. Karmelitek utzi zieten lehen lokala, Gaztelura igotzeko bidean. Txikitxoa, baina tximinia eta guzti. Bizitzaren garestitzea, adinekoen egoera, amnistia, erresistentzia kutxak, auzoko lehen jaiak, eta beste hainbat puntuko agenda eraman zuten modu asanblearioan. Ez ditu ahantzi kideak: Joserra, Andres, Teresa, Marian (asmatutako izenak). «Ze guapa Marian!» dio egunkari ebakin bateko argazkia seinalatuz.
Horietariko asko Donostiako Emakumeen Asanbladaren lehen joan etorrien bueltan saretu ziren. Talde autonomo anitz aipatu dizkit, «baziren emakume independienteak, partidukoak, abertzaleak, lesbianak… Oreretakoak ziren azken horietako asko, kañerak ziren zinez». Tirabira eta tentsio guneak baziren ere, Mariajek dio talkaren beldurra xaxatu behar dela. Gai zerrendan zituzten lehen martxoaren 8ak, dibortzioa, familia eredua, indarkeria eta, bereziki, abortuaren gaia. Antolakuntza sendoa zen auzoan, emakumeak Holandara edo beste puntu batzuetara eramango zituen itinerarioa ehuntzeko. Kide gehiago aipatu ditu: Asun, Anaje, Kontxi, berriz Marian eta Teresa (asmatutako izenak). Crónica de los primeros años del movimiento feminista en Donostia (1976-1982) lanak biltzen ditu gehiago (benetakoak).
Errefuxatu ditugu dagoeneko memoriaz diharduten espektakulu erridikulu ugari, abuztuaren 31ko soldadutxoen desfilea eta kale izen frankistak kasu. Ariketari memoria bizia gorpuzten pertsonen izenak gehiteza ez legoke sobran. Begirada zorrotza du Mariajek, erromantizazio oro errefusatzekoa, nahiz eta niri, aitortzen dut, kostatzen zaidan batzuetan idealizazioari uko egitea. Edonola ere, bizigarri izango den Donostia eraikitzeko borroka eta irudimena ez dira ez berriak, ez orainaren esklusibo. «Beti izan da gauzak aldatzeko jendea hemen. Txingurriak, ni bezala». Mariajek laguna duen Teresak Benedetti errezitatzeko ohitura zuen: «En la calle codo a codo siempre somos mucho más que dos». Komeniko da albo bietara eta atzera begiratzea, aurrera idatzi ahal izateko.