Gizonezkoek gehiegi hitz egiten dute. Barkatuko didazu orokortzea, baina «not all men» delakoarekin etorri aurretik, irakurtzen jarraitzera gonbidatu nahi zaitut. Jakin badakit gizonezko guztiak ez direla berdinak, baina bada askorengan ohikoa den zerbait: emakumezkoei hitz egiten ez uztea. Ez dut hatzarekin inor seinalatuko, ikasia baita. Gizonek rol aktiboa dute; hitz egitea da haiei dagokiena (zenbat eta gehiago eta ozenago, orduan eta hobeto). Emakumezkook, ordea, rol pasiboa dugu; galdetu, isildu eta entzun.
Tradizionalki hala izan da telebistan, politikan, mahai-ingurutan. Hamaika gizonezko eta emakume bakarra: moderatzailea. Gizonak hari esaldiak etengabe zapaltzen. Emakumeak besoa altxatu behar du txanda eskatzeko. Eredugarri. Et, et, et, hau ez dela soilik espazio publikoetan jazotzen! Etxean ere txikitatik ikusi izan dugu. Aitona berandu dator bazkarira, berritsu; amonak platera berari jarri dio lehenengo eta den-denok berbak mingainaren azpian ezkutatu ditugu, min eman arte. Helduak hizketan, haurrak isiltzera zigortuta. Eta horixe gara emakumeok, gure ideiak plazaratzeko eskubiderik ez dugun adingabeak.
Barneratutakoa erreproduzitu dugu hazi garen heinean. Gizonezko lagun min nahiz «lagun bereziekin» egotean, galderak egitera mugatzen hasi naiz ni, moderatzaile lanetan. Solasean hasi ahala, hark menperatzen baitu elkarrizketa. Hura, sekulako hitz jarioarekin; ni, mutu. Entzuten, irribarre egiten, nire unea noiz iritsi zain. Segundo erdiko isilunean, indarrak batu eta nire ikuspegia kontatzera ausartu naiz. Moztu dit, baina.
Orduan, esperientziak eta iritziak irentsi ditudanean, bota dit: zeinen isilik zauden! Eta nik, sutan, oihukatu diot: nola ez naiz isilik egongo ez badidazu hitz egiten uzten, ergel halakoa? Zure berbontzikeria jasan ondoren, ez badidazu galderarik egin? Nola aurpegiratu didazu hori hitza soilik zurea dela sinesten baduzu? Inozo madarikatua!
Ez, gezurra da, ez dut sekula halako erantzunik eman. Agian ez naiz ausartu, agian gaia aldatu du (duzu), edo agian zerbitzariak eten du elkarrizketa enegarren garagardoa ekartzean. Tamalez, nire haserreak hor jarraitu du… eta baita nire gutxiagotasun-konplexuak ere. Zorionekoak gu, bere (zure) eskuetan ere badago horiexek eraldatzea. Hortaz, badakizu: galderak egin, interesa adierazi, ahoa itxi eta belarriak tente jarri. Hitz egiten uzten badidazu, ez naizelako horren isilik egongo.